Herrialde bat nekez izan daiteke berritzailea berrikuntza-politikarik, ikasteko gaitasunik eta berrikuntza-kultura barik. Hauek dira Innobasqueren esperientziatik berrikuntzarako hiru irakaspen berriak, 2014-2015 Memorian agertzen diren 12etako parte direnak.

-Berrikuntza-politiken diseinuan, hedapenean eta ebaluazioan parte hartzearen garrantzia

Lehenengo aldiz planteatu da Euskadin espezializazio adimendunaren estrategia globala, erakunde publiko eta pribatuen parte-hartze eta lidergoarekin prozesuaren fase guztietan, diseinu eta hedapenetik ebaluazioraino.

Emaitza gisa, ikerketa-eragileek aurrera egiten dute beren espezializazioan, eraginkortasun-hobekuntzak bilatuz emaitzak enpresetara eta gizartera transferitzeko, lankidetza beste eragile batzuekin areagotzeaz gain.

Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek estrategia propioa dute, tokian tokiko nahiz nazioarteko ingurunean gertatzen diren aldaketak aztertzen ditu, eta horrek produkzio-ehun eta gizartearen premia berrietara egokitzeko aukera ematen die.

Halaber, ebaluazio-metodologia bat garatzen ari da ikerketan eta berrikuntzan egindako inbertsioen emaitzak eta eragina neurtzeko, zeren eta “neurtzen ez dena ezin baita hobetu”. Garrantzitsua da azken eta bitarteko emaitzak neurtzea, prozesuak ebaluatzea eta arin eta orientaturik erabakiak hartzeko prest egotea, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren beraren balio-ekarpena hobetzeko xedeaz.

 

-Ikaskuntza, funtsezko emaitza berrikuntza-prozesuetan

Garaturiko proiektu eta ekinbide gehienetan lorturiko azken emaitza bezain garrantzitsua izan da prozesuaren beraren ikaskuntza. Beraz, funtsezko zeregina da ikastea.

Beharrezkoa da berrikuntza-prozesuetan sorturiko ezagutza tratatzea jendartean zabaldu eta ezagutua izan dadin eta ekinbide berrietarako balio eta ikaskuntza bihur dadin. Jakintza eta berrikuntzaren inguruko erakunde guztiok lanean jarraitu behar dugu norabide honetan.

Horretarako lehen urratsa desikasten ikastea da, burua irekita edukitzeko gai izatea gauzak egiteko beti erabili den modua zalantzan jarriko duten paradigma berriak onartzeko, baita eskema mentalak apurtzeko ere, ezagutza berria eraikitzen eta geureganatzen hasteko.

 

–  Berrikuntza-kultura zabaltzea etorkizunerako inbertsioa da

Berrikuntza kutsatu egiten da. Horregatik da garrantzitsua emaitzak komunikatu eta partekatzea, eta berrikuntzan lorpen txiki eta handien kontakizun sendo eta mardula egitea, era askotako jendearentzako ulergarria, epe luzerako emaitzetarako lurra presta dezaten, batzuetan horretarako denbora behar izaten baita. Elkarrekin ospatu behar ditugu aurrerapen txiki eta handiak, arrakasta eskuzabaltasunez partekatuz inplikaturiko erakunde eta pertsona guztiekin.

Euskal berrikuntzak izan behar duen forma gure esku dago, euskal gizarte osoaren esku dago. Eta Euskadin berrikuntzak elikatzen du gure hazkunde-eredua. Asko dira beren jarduera berritzailea ezagutarazteko ekintzak sustatzen dituzten eragileak, eta asko dira horien ikus-entzuleak ere.

Euskadiren irudiari lurralde berritzaile gisa prestigioa emateko ahaleginak itzulkin sozial eta ekonomikoak izaten ditu, herrialde aurreratu baten ereduarekiko konpromiso partekatua ikusgai bihurtzen duelako, Berrikuntzaren Euskal Sistemaren lorpenak aitortzen dituelako eta epe luzerako inbertsioa bultzatzen duelako, baita ekonomiaren uzkurraldietan ere. Testuinguru honetan, berrikuntzarako aktibo bat dira markak, eta marka aintzatetsia da Innobasque, Euskadi lurralde berritzaile gisa kokatzen laguntzen duena.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago