Aurtengo urtarriletik, 2016-2020 Plan Estrategiko berria inplementatzen ari da Innobasque; Plan horrekin Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Hirugarren Zikloa hasi da, eta horren erronka nagusia aliantza publiko-pribatuaren hedapenean sakontzea da, mila erakunde bazkide baino gehiagoko gure sarearen gaitasunak aktibatuz.  

2007an Innobasque sortu zenetik gauza asko gertatu dira eta guztietatik ikasi dugu; horregatik, abuztuan zehar berrikuntzako 12 irakaspenak partekatuko ditugu berrikuntza-agentzia gisa dugun esperientzia edo eskarmentutik. Astearte bakoitzean joango gara aletuz. Egonarri edo pazientzia gutxienekoentzat, esango dugu 12ak 2014-2015 Memorian daudela ikusgai.

 

1. Desiratzen dugun etorkizunik onena eraikitzeko baliabidea da berrikuntza.

Ez dago berrikuntza ulertzeko era bakarra, berrikuntzaren definizio bakarra ez dagoen bezalaxe. Guretzat berrikuntza gizabanakoen, enpresen eta herrialde osoen trebetasuna da, etengabe sortzeko desiraturiko etorkizunik onena. John Kao-ren definizioa da, integratzailea eta helburuzkoa iruditzen zaiguna.

Berrikuntza gizarte-aurrerapenaren eta oparotasunaren higiarazletzat hartzen dugu, Euskadiko gizarte, ekonomia eta ingurumen-erronken konponbideak eraikitzeko funtsezko baliabidea. Horregatik, erronken konponbiderik onenak eraikitzeko, eraginkortasunez uztartu behar dira berrikuntzaren hainbat dimentsio, bai bere ezaugarrien ikuspuntutik (teknologikoa, ez teknologikoa, soziala, …) eta bai bere jatorriaren ikuspuntutik (erakunde pribatuak, publikoak, sozietatea). Berrikuntza guztion gauza da. Baina ahaleginak, jarduerak eta emaitzak uztartu eta ildo berean jartzeak bakarrik bermatuko digu etorkizun iraunkorra herrialde gisa.

Berrikuntza etengabeko aldaketan dago bere helburuetan eta bere bitartekoetan. “Berrikuntza berritu behar dugu”, honek ingurune aldakorrei erantzun diezaien eta desiratzen dugun etorkizuna etengabe eraikitzeko aukera izan dezagun.

 

2. Beharrezko oreka epe luzerako ikuspegiaren eta epe laburreko eraginen artean

Innobasquek epe luzerako ikuspegia berehalakoago eragina duten ekintzekin uztartzen du etorkizuneko helmugak lortu ahal izateko. Ukiezinak sortzen ditugu, neurtzen zailak, betiere jabeturik horiek dituzten gizarte- eta ekonomia-onurez.

Batzuetan, berrikuntza-proiektuen ezaugarriek, epe luzera ikusten diren emaitzekin, zaildu egiten dute eragileen tentsioa eta inplikazioa mantentzea epe laburrera. Ona da, beraz, proiektu hauek eta etorkizuneko helmugak berehalakoago arrakasta txikiagoekin konbinatzea, arrakasta hauek prozesuekin eurekin edo bitarteko emaitzekin erlazionatuak izan.

Horregatik, baliabideen zati bat emaitza lasterrak (quick wins) sortzeko gaitasuna duten proiektuetara bideratzea gomendatzen da, aurrerapena ikusgai egiteko aukerak handiak dituzten ekinbideak hautatuz. Honela, areagotu egiten da berrikuntza-proiektuetan inplikaturiko lantaldeen konfiantza, ilusioa eta legitimitatea.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago