Leire Bilbao, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak gure bazkide den Biolan Mikrobiosentsoreak enpresari eman dio 2020ko ETE Berritzaileenaren Saria, VI. Vodafone Deia Innovation Sarietan. Gaur goizean izan da ekitaldia, Bilboko Euskalduna Jauregian. Asier Albizu enpresako zuzendari nagusiak jaso du saria Bilbaoren eskutik. Biolanek soluzio berritzaileak eskaintzen ditu elikagaien segurtasuna eta kalitate-kontrola ziurtatzeko analisi-metodo konbentzionaletarako, biosentsore elektrokimikoen erabileraren bidez. Bizkaiko ETE honek urteko fakturazioaren %40 baino gehiago inbertitzen du I+G arloan.

Biolan Mikrobiosentsoreak izan da garaile sarien kategoria honetan. Beste enpresa txiki eta ertain hauek izan dira finalista, guztiak ere Innobasqueren bazkideak: Coach and Play, OPE Consultores, Luse Ingeniería, Gestionet Multimedia, C2+i; AiPower Venture Builder eta Zabalit. Innobasquek erakunde bazkideei egiten dizkien berrikuntza-profiletan puntuazio onenak lortu dituzten enpresak izan dira finalista izateko hautatuak. Profil horietan sakon aztertzen dugu zein den berrikuntzaren egoera gure enpresa bazkideetan, eta alderaketa bat egiten dugu antzeko beste enpresa batzuekin. Behin azterketa eginda, txosten pertsonalizatu bat helarazten diegu enpresei, soluzio zehatzak hartzeko zenbait aholkurekin, hobetu beharreko alderdiak hobetzeko, eta, orobat, horretan lagundu dezaketen erakundeetako pertsonen kontaktu zuzena ere eskaintzen diegu. 

Gaurko sari-banaketan ez da publikorik bertaratu, baina ekitaldia zuzenean eman da streaming bidez lehen aldiz. Osakidetza, Tubos Reunidos, Angulas Aguinaga, eta All Iron Ventures erakunde eta enpresen lan berritzaileari ere aitortza egin zaio sarietan.

Iñaki Gonzalez, Deiako zuzendaria izan da saioaren gidari, eta Bilbao eta Albizu ez ezik, bertan izan dira honako hauek ere: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua; Gotzone Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua; Ibone Bengoetxea, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua; Xabier Otxandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen eta Enplegu saileko zinegotzia; Javier Andrés, Deiako zuzendari nagusia; Juan Antonio Gomara, Vodafoneko Iparraldeko zuzendaria; Juan Manuel Navarro eta Ekaitz González, Vodafone enpresako kideak; Rosa Pérez, Osakidetzako zuzendari nagusia; María Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Berrikuntza zuzendaria; Carlos Lopez de las Heras, Tubos Reunidos enpresako zuzendari nagusia; Mikel Grande, Angulas Aguinaga enpresako Marketin eta Berrikuntzako zuzendaria; eta Jon Uriarte, All Iron Ventures enpresaren sortzaileetako bat.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago