Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere hamaseigarren Batzar Nagusia egin du gaur Arabako Teknologia Parkean (Miñao, Gasteiz). Batzarrean, besteak beste, Innobasquek ETE-ei berrikuntza-prozesuetan laguntzen dien agentzia aholku-emaile gisa egiten duen jardueraren inpaktua aztertu da. Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak eta Innobasqueren ohorezko presidenteak itxi du bilkura.
Euskadi etengabe ari da aurrera egiten, ikerketan eta garapenean gehien inbertitzen duten Europako eskualdeen mailan kokatzeko. Finantzaketa publikoaren hazkundeak eta euskal enpresek I+Gn egindako inbertsio gero eta handiagoak erakusten dute Euskadik Europako berrikuntzaren abangoardian kokatzeko duen determinazioa.
2022an, agentziak 1.318 enpresa aktibatu ditu, sektore aurreratuetako 349 ETEri eman die laguntza eta beste 245 euskal erakunderi lagundu die, aholku emanez edo bidelagun izanez, Europako funtsak lortzen beren berrikuntza-proiektuak finantzatzeko. Orobat, Innobasquek sustatutako proiektuen artean azpimarratu du 219 ikastetxek STEAM jarduerak egiten dituztela Euskadin ikasleen hezkuntza zientifiko-teknologikoa sustatzeko, batez ere nesken artean.
Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Manuel Salaverriak, nabarmendu du Innobasqueren aurreikuspenen arabera, Euskadin I+G arloko inbertsioak gora egiten jarraituko duela, %7 zehazki, “nahiz eta datorkigun egoeraren bereizgarriak ez oso aldekoak izan: “interes-tipo altuak, defizit publikoa kontrolatzeko neurriak eta Next Generation EB funtsen bukaera”. Europar Batasunak posizioak galdu baditu ere eta Txinaren eta Estatu Batuen konpetentzia handitu bada ere, Euskadik sendo eutsiko dio berrikuntzaren aldeko apustuari; izan ere, bilakaera hain positiboa izatearen giltzarrietako bat Berrikuntzaren Euskal Ekosistemaren sendotasuna da. Horrela azaldu du Salaverriak: “Ingurune horretan hazkunde-dinamika positibo bat sortzen da eta dinamika horren bidez proiektu aurreratu berriak abiarazten dituzten azpi-ekosistemak eratzen dira modu etengabean”.
Sektore estrategikoak deskarbonizatzea
Sektore horietako bi gaur aurkeztu dira, eta Innobasqueko enpresa bazkideak izan dira protagonista: Petronor, Goimek (Danobatgroup taldekoa) eta Sener. Hidrogenoaren Euskal Korridorea, batetik, eta Jupiterren esplorazioan parte hartu duen euskal industria aeroespazialaren garapena, bestetik, bi proiektu arrakastatsu dira, eta biek ala biek argi erakutsi dute gure I+G+b arloak eta Euskadik ahalmen handia dutela nazioarteko abangoardian kokatzeko.
Korridorearen presidenteak eta Petronorreko kontseilari ordezkariaren albokoak, Jose Ignacio Zudairek, Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) aurkeztu du Batzar Nagusira bertaratu diren bazkideen aurrean. Hidrogenoaren Euskal Estrategia herrialde mailako proiektua da: Euskadin hidrogenoa ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko ekosistema bat sortzea da estrategiaren helburua, horretarako lurraldearen ahalmen industrialak, logistikoak eta teknologikoak baliatuz, era horretara energiaren, industriaren, bizitegien eta mugikortasunaren sektoreen deskarbonizazioan aurrera egiteko. Urtean hidrogeno berriztagarriaren 20.000 tona ekoitziko direla aurreikusten da, eta, horri esker, epe berean 1,5 milioi tona CO2 isurtzea saihestuko dela.
Proiektuak 1.300 eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du 2026ra bitartean, eta zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako beste 6.700 lanpostu sortuko ditu. BH2C proiektuak 70 entitate biltzen ditu eta 49 ekimen paralelori ematen die euskarria hainbat esparrutan: hidrogenoaren produkzioan, biltegiratzean eta industrializazioan eta mugikortasun jasangarriagoa lortzeko hidrogenoaren erabileran, besteak beste. BH2C proiektuaren ekimenetako bik Europako interes orokorreko proiektu garrantzitsuen (IPCEI) aitortza jaso dute: Sener enpresaren Bizkaiko elektrolizatzaileen fabrikak, eta Petronorren eskala handiko elektrolizatzaile baten proiektuak (100MW).
Juice misioa: euskal berrikuntza Jupiterren
Marc Souto, Goimek enpresako zuzendari komertziala, eta Iñaki Pinto, Sener Aeroespacial eta Defentsako Sistema Elektro-Mekanikoen zuzendaria, batzarrean izan dira Jupiterrerako Juice misioan elkarrekin gauzatu duten lan arrakastatsuaren berri ematen. Haien elkarlanaren eskutik, Europako Espazio Agentziaren (ESA) erreferentziazko bazkide teknologikoa izan da Euskadi. ESA izan da, NASArekin lankidetzan, Juice Misioa bultzatu duena. Jupiter planeta eta haren ehun satelite naturaletako hiru (Ganimedes, Calisto eta Europa) esploratzea da misioaren helburua. Bi euskal enpresak elkarrekin aritu dira lanean irabazi ertaineko antena bat fabrikatzen. Misioak iraungo duen zortzi urteetan, espazio-ontziaren eta lurreko estazioaren arteko noranzko biko komunikazioa ahalbidetuko du antena horrek.
Ez da lehen aldia euskal enpresek ikerketa aeroespazialaren elitean parte hartzen dutena; aurrez, Marte edo planeta gorria hobeto ezagutzeko misioetan ere izan dira mugarri arrakastatsuak, eta, hein batean, haiei esker etorri da orain Juice Misioan parte hartzeko aukera.
Goimek enpresak fabrikatu ditu Mgama edo irabazi ertaineko antenaren hegaldi-modeloaren islagailu nagusia eta haren elementu osagarriak. Hala, espazio-ontziaren egonkortasun termikoa eta irrati-frekuentziaren prestazioak bermatu ditu. Bestalde, Sener Aeroespacial eta Defentsa enpresak ‘Juice’ satelitearen osagaietako hiru egin ditu. Zehazki, misioaren magnetometro-masta hedagarria (boom), irabazi ertaineko antenaren azpi-sistema eta Janus eta Gala tresna zientifikoen osagaiak. Horrez gain, lurrean euskarri lanak egiteko ekipamendu mekanikoak ere hornitu ditu.