“Zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politiken hedapena erraztea; gizarte-berrikuntzan sakontzea, giza garapen iraunkorrerako palanka gisa; ETEak eta mikroETEak lankidetzazko berrikuntzaren bidera sartzeko tresna izatea; herrialde gisa ditugun lehentasunetan (RIS3) begirada jar dezan erraztea berrikuntza-ekosistemari; eta berrikuntzaren kultura hedatzen jarraitzea, gure ahalmenari prestigioa emateko, gure sarea indartzeko eta guretzat eredugarri diren pertsona eta erakunde asko eta asko ikusgai egiteko”. Horiek dira Innobasqueren 2015erako jarduera-ildoak, bere presidenteak, Alberto García Erauzkin-ek, finkatu dituenak atzo Deia egunkarian argitara emandako artikuluan; hemen irakur dezakezu, baita ondoren ere:
“Michael Porter ospetsuak esaten zuen hiru estrategia mota daudela lehiarako abantailak sortzeko: kostuena, ikuspegiarena eta bereizketarena. Euskadi herrialde txikia da, oso bizi-maila preziatua duena, guztion artean lortua, eta ez diogu horri uko egin nahi. Helburu horrekin, duela zazpi urte enpresa, administrazio, ezagutza-mundu eta gizarteko 400 lider elkartu ziren Berrikuntzaren Euskal Agentzia-Innobasque bultzatzeko. Gaur mila bazkide baino gehiago gara eta lanean jarraitzen dugu gure herrialdeak sufritu beharrik izan ez dezan kostuetan oinarrituriko ekonomien lehiagatik, beti egongo baita merkeago egingo duenen bat, eta beste eraren bat aurkitu behar dugu mantentzea hainbeste kostatzen ari zaigun gizarte-kohesioa ez apurtzeko. Izan gaitezke onenak zerbaitetan, eta hortik doa espezializazio adimendunaren estrategia: onak garen horretan sakontzea are hobeak izateko, baina, batez ere, ezberdinak izateko, lehiarako abantaila iraunkorra sortzeko. Abantaila garrantzitsua eta igar daitekeena gauzak egiteko dugun eraz, gure lehiakideengandik bereiziko gaituena, eta gure herrialde-markari atxikiko zaiona. Egin dezakegu?”
Dudarik gabe, erantzuna baiezkoa da: ari gara egiten, elkarrekin, berrikuntza palanka gisa erabiliz. NESTA berrikuntzaren britainiar agentziak argi eta garbi adierazten du esaten duenean berrikuntzaren gakoa Euskadin “misio nazionaltzat hartzen hasia izatea dela. Gainera, misio hau erakunde indartsu eta malguak dituen gobernu batek abalatzen eta sustatzen du, eta horri laguntzeko politikak sustatzen ditu”, adibidez, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, duela gutxi onartua, hori egiten Innobasquek ere hartu duelarik parte.
Hain zuzen ere, berrikuntzarekiko konpromiso hori da ELGE/OCDEk ere nabarmendu duena egungo ekonomia-egoera aztertzen duen txosten batean. Herrialde berritzaile batek “nazio mailako konpromisoa behar du gobernu-, enpresa- eta ikerketa-munduetako liderren aldetik”. Entzuna egiten zaizue? Honela jarraitzen dute argitalpeneko adituek: “garrantzitsua da babes zabala eta konpromisoa egotea gobernu-maila gorenean. Horretarako tresna berrikuntza-sare nazional bat izan daiteke, Innobasqueren antzekoa, irabazi asmorik gabeko agentzia pribatua, lankidetza sustatzeko Euskadiko gobernu- eta enpresa-liderrek bultzatua”.
Ahots autorizatuez haratago, errealitateak erakusten digu Innobasquek bere ibilbidean euskal gizarteari egin dion ekarpena gehituz joan dela, eta gainera epe ertain/luzera balio gehien ematen duen orientabidetik. Eurotan hitz eginez, datuek erakusten dute gizarteari itzultzen diona gero eta gehiago dela: 2009an 1,3€, 2014an 2’5€. Zifra horiek joera baten adierazle gisa interpretatzen ditugu. Bestalde, xehetasunetan sartu eta 2014an lorturiko 2’5 euro horiek nola osatuta dauden azter dezakegu. Nola iristen da itzulkin hori gizartera? Enpresen artean produktu eta zerbitzuen kontratazioetatik eratorritako diru-sarrera gisa egin dezake, baita pertsona-kontratazioen, aberastasun eta enpleguaren trakzio-inbertsioen edo zerga-sarreren bidez ere, hots, teknikoki aktibo ukigarriak deitzen diren horien bidez.
Aktibo ukiezinak
Halaber, gizarterako itzulkina aktibo ukiezinen bidez lor daiteke, gero eta garrantzi handiagoa dutelarik lehiakortasunean, erakundeen kapital baliotsuetako bat baita hori, ez baitira oso arruntak eta bai nekez imitatu edo ordezka daitezkeenak (erreferentzia gisa balio diguten Nonaka Takeuchi-ren “Berrikuntza-katea”ren printzipioen arabera). Horiek deskribatzen direnean euskarri fisikorik ez duten aktiboei egiten zaie erreferentzia, eta honako hauetan ─informazio eta ezagutza esplizitu, erlazio-kapital, ospe, giza kapital, ikuspegi, ezagutza teknologiko eta abarretan─ oinarriturik daudenei.
Banaketa honetan aurkitzen dugu Innobasquek bere balio-ekarpena aktiborik baliotsuenetan –ukiezinetan– oinarritzen duela. Horiek %36 izatetik %55 izatera igaro dira 2010-2014 denboraldian. Egia esateko, 2013tik aktibo ukiezinengatiko itzulkinak %50 gainditzen du. Kontuan izateko datua dirudi horrek. Ibilbide hau da lehengaia gotorleku sendoak, erresilienteak eraikitzeko, batez ere aurrekontuen murrizketa-garaietan. Zeren eta koiuntura gorabehera, geure buruari eman diogun ereduak funtzionatu egiten baitu.
Baina, zergatik? Erantzun bakarra dago agian: Innobasque sarearen sendotasunagatik funtzionatzen du, edo gauza bera dena, Innobasqueko bazkide guztiek eraikitako sendotasunagatik. Aktibo ukiezinetatik jarritako balioaren %50 bigarren urtez jarraian gainditzeak erakusten du jarraitu beharreko bidea. Garbi dago elkarrekin joanda aurrerago joaten dela, eta hori egiten ari gara. Hori da NESTA edo ELGE/OCDE bezalako behatzaileen arreta deitzen duena, gainera, gomendatu egiten dute-eta. Orain zorroztasuna areagotu behar da, eta Innobasqueko bazkide guztiei gehiago eskatzea esan nahi du horrek.
2015erako gure jarduera-ildoak garbi daude: zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politiken hedapena erraztea; gizarte-berrikuntzan sakontzea, giza garapen iraunkorrerako palanka gisa; ETEak eta mikroETEak lankidetzazko berrikuntzaren bidera sartzeko tresna izatea; herrialde gisa ditugun lehentasunetan (RIS3) begirada jar dezan erraztea berrikuntza-ekosistemari; eta berrikuntzaren kultura hedatzen jarraitzea, gure ahalmenari prestigioa emateko, gure sarea indartzeko eta guretzat eredugarri diren pertsonak eta erakundeak ikusgai egiteko, egunez egun Euskadi berritzaileagoa egiten baitute.