Vocento Taldearen Innova+ gehigarriak artikulu bat argitaratu du gaur Innobasqueren Bero Proiektuaz; hona hemen euskaratuta:
Innobasque euskal industriarekin ari da lanean fabrikazio-prozesuen hondar-beroa ustiatzeko ahaleginetan, urtean 200 milioi euroko galerak suposatzen baititu Euskadin.
Imajinatzen duzue urtean 200 milioi euroko galera atmosferara igorritako berotan? Kosta egiten da sinestea, baina Euskadiko manufaktura-industriaren fakturan errealitate batez ari gara, eta Innobasquek beste eragile, erakunde, enpresa eta bazkide askorekin hori saihestu nahi du Bero Proiektua deiturikoaren bidez.
Proiektua duela urtebete sortu zen euskal industria-talde indartsu jakin baten premiatik eta ikuspegitik, eta dagoeneko familia handi bihurtu da, galera masibo horiek etekin ekonomiko ere bilakatzen saiatuz. Luis Manerok, Innobasqueko programa-zuzendariak, arazoa komuna dela azaldu du: “hondar-beroa energia-kontsumoan intentsiboak diren industriek orja, burdin urtze, siderurgia, zementu-fabrika, paper-fabrika, beira, birfintze, energia-zentral eta abarrek hainbat bidetatik botatzen duten energia termikoa da”.
Adibidez, kalitate-araudiak eta estandarrak betetzen dituen pieza forjatu batek berotu eta hozteko ondoz ondoko prozesuak eskatzen ditu, eta horrek energia-galera dakar, orain arte inork saihestu ezin izan duena eta ingurumenarentzat ere kaltegarria dena dagozkion CO2 isurketengatik.
Orain arte enpresa bakoitzak bere irtenbideak bilatzen zizkion arazoari, eta beraz, “neurrira egindako jantzia balitz bezala”, dio Manerok, enpresa horiek nekez onar zitzaketen inbertsioak eskatzen zituen; beraz, Berrikuntzaren Euskal Agentziak onartu egin zuen CIE Automotive-k botatako erronka, hots, ahalik eta bidelagun gehien elkartzea irtenbide teknologiko eta negozio-eredu berriak bilatzeko, oraindik lanean dabiltzalarik horretan.
Momentuz, irtenbide berritzaile horien 16 eskatzailek osaturiko “plataforma” dago, lehen aipaturiko industria-sektoreen ordezkaritza arin bat direlarik; baina bero-hondarraren kudeaketa-eredu eraginkorragoa sortzen lagun dezaketen euskal enpresak ere behar dira, oso jatorri ezberdinetako enpresa eskaintzaileak, baina produktu, zerbitzu eta I+G proiektuak dituztenak, industriari aplikatzeko irtenbide berriak sortzeko gai direnak.Batzuk, 40 baino gehiago, proiektu honen parte dira, baina Manerok gogorarazi duen bezala “ezagutzen ez ditugun beste asko daude, eta ziur gaude ekoizten dutenetik zerbait jarri ahal izango dutela: sentsorika aurreratua -Gauzen Interneta- integratzen duen torloju berritzaile batetik material antikorrosibo berri bateraino.”
Onura askoko proiektua da, kontua ez baita inbertsioak eta gastuak partekatzea bakarrik, berrikuntza teknologikoa azeleratu ere egin nahi du, eta horrek suposatzen du euskal industriari, oro har, bultzada bat ematea, baita negozio-eredu berriak bilatzea ere, hondar-beroaren arazo zehatz hau baino harago eraman daitezkeenak. Ingurunean zuen eraginagatik jendeak urte askoan gaizki ikusi izan duen industriaren eredua ere hobetu nahi da, horrela frogatuz gaur egun posible dela fabrika bat ingurumena zaintzeaz arduratzea, aldi berean etekina lortuz: lehiakortasuna eta diru-sarrera berriak, alegia.
Negozio-eredu berri honek gai izan beharko luke biltzeko, kasu zehatz honetan, manufaktura-industria, bere bezeroen alde egiteko interesa duen energia-industria, edo ekoizten dutenaren zati batekin hondar-aletxoa jar dezaketen fabrikazio-enpresak, guztiak, handiak eta txikiak, baina baita ere unibertsitateak eta lanbide-heziketako zentroak, ikertu eta etorkizuneko talentua prestatzen dutenak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC), Teknologia Zentroak, Ingeniaritzak eta abar, beroa erakarri, garraiatu, metatu eta berrerabiltzeko kateari ideiak emateko gai direnak, baita horren kudeaketa eta kontrola egiteko ere IKTen bidez.
Beroa berrerabiltzeko, hainbat irtenbide daude, zeren eta, Manerok azaltzen duen bezala, energia hori “erabil daiteke plantaren barruan nahiz kanpoan eta fabrikako langileen dutxatarako galdara bihurtu, edo aire konprimitu kogenerazioko teknologiaren bidez, edo elektrizitate gastuak aurrezteko, edo krisi-garai hauetan energia-faktura ordaintzeko ez dutenei berokuntza edo hotza eskaintzeko.”
Ez da beharrezkoa enpresa bakoitza arduratzea bere beroa atzeman eta metatzeaz, Innobasqueren apustua industria-kate berria sortzea baita, galdutako energia termiko horiek kudeatzeko gai dena. “Enpresa berri horiek arduratuko lirateke, ez bakarrik beharrezko ekipamenduak enpresa barruan ezartzeaz, baita beroa erosi, garraiatu, metatu eta saltzeaz ere. Azken batean, energia kudeatuko duen erakunde bat”. Teknologia- eta negozio-eredu aurreratua, mugak zeharkatu eta estatuan eta munduan saltzeko gai dena, nahiz eta Europan, batez ere iparrean, lankidetza-eredu berritzaile hau jada errealitate bat izan hainbat proiektutan.
Mekanismo guztiak ezin hobeki funtziona dezan, badago bulego tekniko bat ere, eta hor, Innobasquerekin batera –sare gisa funtzionatzen du eta teknologikoa ez den berrikuntzaz arduratzen da–, CIC Margune dago, Errendimendu Handiko Fabrikazioan Ikerketa Kooperatiboko Zentroa; EEE (EVE)-Energiaren Euskal Erakundea; Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren ingurumeneko sozietate publikoa; SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia; eta Energia Klusterra: hauek guztiek arazoaren ikuspegi globala eratzen laguntzen dute hainbat ikuspegitatik (publikoa, pribatua, I+G, berrikuntza, ingurumena, etab.).
Manerok eredu berri honen alde egiten du, zeren eta orain arte problematika honi eta beste batzuei eraso egiten inbertituriko ahalegin guztiak eraginkortasun eta efikazia txikikoak izan baitira enpresen eta eragileen arteko lankidetzarik ezagatik, baina baita arazoa beste ikuspegi batetik ez aztertzeagatik ere: “Kontua ez da berrikuntza egitea, zerbait berria sortzea eta gero zertarako balio ote duen pentsatzea, baizik eta zehazki jakitea zein den premia eta hori asetzeko lan egitea, proba errealak eginez, batzuetan hobeturiko teknologien bidez eta beste batzuetan ex novo sorturikoekin”.
Azken batean, balantza bat orekatzean oinarritzen da, proiektuak eraginkorrak izan daitezen ez teknologia mailan bakarrik, baita ekonomia, ingurumen eta gizarte aldetik ere. Horregatik, gurpilak biraka jarraitu behar du eta irailean programaturik daude bilera berriak, proiektu zehatzak aktibatzeko Bero Proiektua ekinbide estrategikoan integratuak. Interesa duten enpresak garaiz daude parte hartzeko, eta beraz bulego teknikoarekin jar daitezke harremanetan Innobasqueren bidez: ecoinnovation@innobasque.com.