Bizkaiko Biolan, Estudios Durero eta MB Sistemak enpresa txiki eta ertainek haien lehiakortasuna handitu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren Beaz sozietate publikoak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, abian jarri duten negozio-ereduetako berrikuntza-zerbitzuan parte hartu ondoren. Zerbitzu horrek negozio-eredua eraldatzen laguntzen die enpresei, berrikuntzak sartuz eta digitalizazioak irekitzen dituen aukerak aprobetxatuz.
Beaz-en eta Berrikuntzaren Euskal Agentziaren arteko lankidetza horren helburua Euskadiko berrikuntza-maila handitzea da eta; beraz, kontuan hartuta EAEko enpresa-ehuna ETEen % 99k osatzen dutela, funtsezkoa da horietan eragitea.
Enpresa horien ibilbideak lau fase izan ditu. Lehenik eta behin, berrikuntza-profil bat egin zitzaien, Innobasqueren berezko tresna bat, Easme enpresa txiki eta ertainentzako Europako Agentzia Exekutiboak bermatua, ETE bakoitzaren egoeraren azterketa xehatua duena. Ondoren, bilatzen zuten negozio-eredua diseinatu zen, hori lortzeko aplikatu beharreko ekintzak definitzen jarraitu zen, eta, amaitzeko, ibilbide-orria eta negozio-plana sortu ziren. Prozesu horretan, estrategian, teknologietan, marketinean eta pertsonen kudeaketan adituak diren erakundeen laguntza izan dute.
Alde batetik, Biolan Microbiosensores, nekazaritzako elikagaien eta osasunaren molekulak detektatzeko gai diren biosentsoreak merkaturatzen dituena, espero du zerbitzu-negozio eredu berri bat abiaraztea plataforma baten inguruan eta konektatutako produktu batetik sortutako datuak ustiatzea.
Bestetik, Estudios Durerok, retail, komunikazio grafiko eta 3D inprimaketan espezializatuak, beste ikuspegi bat eman dio bere kudeaketa zentralizatuko tresnari, enpresa barruan bezero ugari modu modulagarri eta integratuan kudeatu ahal izateko.
Amaitzeko, MB Sistemek, mihiztatze-prozesuetarako automatizazio industrialeko soluzioak eskaintzen dituenak, bi negozio-eredu berri identifikatu eta abiarazi ditu: bezeroari aholkularitza ematekoa bata, eta proiektu handiagoetara sartu ahal izateko aliantzetan oinarritutakoa bestea.