Datozen hamarkadetan, osasunaren industriak IKTen lastertasun berean egingo du aurrera. Izan ere, aurrerapen hauetan nahasturiko teknologia asko jada badira gaur egun. Eta hori horrela denez, Google Venturesek eremu honetan lan egiten duen dibisio bat sortu du, eta bere lehendakariak, Bill Marisek, eremu honetan benetako iraultza eragiteko ahalmena duten eta gora egiten ari diren 8 teknologia detektatu ditu:
1.- Adimen artifiziala
2003an argitara emandako Giza Genomaren bidez agertutako informazio genetikoan, ikertzaileek aukera berriak ikusi dituzte adimen artifizialaren erabileran, hori biozientzien eremuan aplikatuta. Giza genoma sekuentziatzeak gaixotasun arraroak identifikatzeko, egoki tratatzeko eta, ondorioz, biziak salbatzeko aukera ematen du. Etorkizunean, datuak metatu eta analizatuko dituzten sistemak egongo dira, milaka gaitz identifikatuko dituztenak mediku baten ezagutzaz haratago, honen ezagutza beti mugatua izango baita.
Adimen artifiziala oso azkar ari da hobetzen. IBMek makina bat sortu du, osagaiak zaporeekin modu berrietan konbinatzen dituena, ordenagailuz sorturiko lehen sukaldaritza-liburua sortzeko. Siri morroiak edo Google Maps-ek teknologia bera erabiltzen dute, era askotako osasun-erabilerak izan ditzakeena, adibidez, gaixo baten minbiziari buruzko datuak aztertzea eta berarentzat komenigarriena den tratamendua gomendatzea.
Adimen artifizial aurreratua datu ugarirekin konbinatzeak aukera itxaropentsu asko sortzen ditu.
2.- Garuna ulertzea
Bizi-itxaropena 80 urte baino gehiagokoa da leku askotan, eta beraz gero eta jende gehiago borrokatzen da garunaren endekapenezko gaixotasunen, adibidez Parkinson edo Alzheimer-aren, aurka. Bizi-kalitatea nahiz urte-kopurua hobetu nahi badira benetan, hobeto ulertu behar da garunaren funtzionamendua, benetan ez baitakigu asko berari buruz. Adimen artifizialaren, IKTen eta garunaren arteko elkargunean hautabide ezezagunak irekitzen dira.
Garunak izan ote dezake harremanik ordenagailuekin? Bai, eta garuneko kalteak edo bizkarrezurreko kalteak konpondu eta beste aplikazio ugari izan ditzake.
3. Antibiotikoak berrasmatzen
Antibiotikoek milioika bizitza salbatu dituzte, baina horien abusuak beraiekiko erresistenteak diren bakterioak sortu dituzte, eta hori mehatxu handia da: 2013an 20.000 pertsona baino gehiago hil ziren gorputz hauek eragindako infekzioengatik.
Horregatik, ezinbestekoa da substantzia hauen abusua etetea eta antibiotikoen belaunaldi berri bat sortzea. Start up bioteknologiko txiki batzuk lanean ari dira horretan, baina ez dira aski. 2015eko otsailean 40 antibiotiko berri ari ziren garatzen, baina 770 sendagai berri minbiziari aurre egiteko. Inbertsio gehiago behar dira sendagaien belaunaldi berri hau aurkitu eta garatzeko. Bakterioen aurkako borroka horren arabera dago.
4. Minbiziaren aurkako borroka
Giza zeluletan DNA erroreak etengabe gertatzen dira eta horietako batzuk minbizian amaitzen dira, hau da, zelulen erreprodukzio kontrolik gabean. Fenomeno naturala da, baina ez saihestezina. Hori menderatzeko baliabide gehiago beharko dira, lankidetza handiagoa ikertzaileen artean, aplikazio teknologiko berriak, ikerketa handiagoa, minbizia sendatzea lortzeko hori pairatu baino ere lehenagotik.
Espezialistak baikor agertzen dira honekiko. Broad Institute-k uste du ehun kantzerigenoen 100.000 lagin baino gehiago sekuentziatu beharko dituela 50 minbizi ohikoenen mutazioak aurkitzeko.
5. Konponketa genetikoa
Geneak editatzeko teknika batek ─CRISPR deituak─ landare, animalia eta gizakion genomak aurkitu eta ordeztea ahalbidetzen du. Softwarearen eta biozientzien bat-egiteak, berriro ere, geneak non moztu eta jarri behar diren jakiteko aukera ematen du. Aplikazioak ezin konta ahala dira… baita arazo etikoak ere. Baina ez da zientzia-fikzioa.
6.- Mikrobiomaren garrantzia
Mikrobioma jendearen gorputzean bizi diren trilioika bakteriok eraturiko ekosistema da. Orain hasi gara detektatzen ekosistema honen garrantzia eta gaixotasunean eta osasunean duen eginkizuna. Zientzialari batzuek “organo ahaztutzat” daukate mikrobioma, eta immunitate-sistemari, instintuei, erreakzio alergikoei eta beste faktore askori eragiten die. Mikrobioma etengabeko aldaketan dago. Hori ikertzen duten azterketek aurkitu dute infekzio hilgarriak trata daitezkeela gorotz-transplanteak erabiliz edo bakterioak birprogramatuz minbizi mota batzuk tratatzeko.
7.- Organoak sortzea
Organoak eta horien zelulak mugatu egiten dira adinaren poderioz. D zeluletan ikerketak, bioinprimaketak eta organo-sorkuntzak eremu sinesgaitzak irekitzen dituzte, hor sartuta organo berriak sortzea gaixoentzat edo adinekoentzat, erretakoentzat larruazala eta besterik.
8.- Zelula amak
Zelula ametan aurrerapenek erakusten dute birsortzeko gaitasuna murriztu egiten dela adinarekin. Eta ahalmen hori mantentzerik balego adinez nagusiak garenean?