Bizialdi osoko ikaskuntza: bizitzan zehar egindako ikaste-jarduera oro sartzen da horretan, pertsona, herritar, gizarte edo enpleguaren ikuspegitik ezagupenak, gaitasunak eta jarrerak hobetzeko eginak. Lau dimentsio hartzen ditu: errealizazio pertsonala, herritartasun aktiboa, gizarte-integrazioa eta enplegagarritasun eta moldagarritasuna. Europako Batzordeak Europa 2020 Estrategian sartzen du kontzeptua eta Eusko Jaurlaritzak 2013an Bizialdi Osoko Ikaskuntzari Buruzko Legea onartu zuen, bizialdi osoko ikaskuntzaren ikuspegi berriarekin, prozesuaren erdian pertsona jartzen baitu. Herritar aktibo gisa pertsonen garapena sustatzea da kontua, eta beraz jasotzen duten prestakuntza gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak hartzera bideratu behar da.
Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko gaitasunak –hezkuntza eta prestakuntza, kultura, berrikuntza, informazioaren gizartea, gizarteratzea edo enplegua– banatuta daude, ikaskuntza iraunkorrarekin lotutako gaitasunak dira, eta ezagutzaren produkzio eta sozializaziorako modu tradizionalak apurtzen ditu horrek. Atzean geratzen da ikastea prozesu lineal eta progresibo gisa ikustea, haurtzarora eta gaztarora mugatua, eta, salbuespen gisa bakarrik, helduarora. Orduan beste ikuspegi bat sortzen da, helduaren ezagutzan eta protagonismoan ardaztua, ikaskuntza-premien espektro zabala aitortu eta baloratzen duena, aparte utzita norberaren bizitzako unea eta nola lortu dituen ikaskuntza horiek.
Horretan ikaskuntza gehiago sartzen dira orain arte ikaskuntza formalak deituriko horiek baino. Bizialdi osoko ikaskuntzan hezkuntza-sistemen paraleloak ere sartzen dira: lantokian edo erakundeetan eta gizarte-taldeetan lortzen direnak, baita formalki onartu gabeko prestakuntza eskaintzen duten zerbitzuetan ere. Nahita bilatu gabeko ikaskuntza ere sartzen da, baita norbanakoek eurek aitortu gabekoa ere (adibidez, “erabiltzaile” gisa informatika-teknologia menderatzeak suposatzen duena). Horrela jasotzen da Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzak egindako dokumentu batean, “Bizialdi Osoko Ikaskuntza Legerantz Euskadin” izeneko jardunaldiaren ondorioak biltzen dituelarik.
Dokumentu honek planteatzen du “globalizazioaren eskakizunek ahalbidetzen ote duten bizialdi osoko eguneratzearen gaia garapen indibidualaren aukeren artean egotea, edota beharrezkoa ote den gizarteak curriculum-ereduak eta laguntza-sistemak ezartzea pertsonen prestakuntzan aurrerabideen garapena eta balorazioa errazteko, ‘globalizazioaren eskakizunak’ komunitate horrek partekatzen duen edo partekatu nahi duen gizarte-proiektuarenak berarenak diren eskakizunekin integratuz”.
Testuinguru honetan sortu da Gipuzkoa Hezi+, ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, etab. bilatzeko plataforma, eragileen nahiz herritarren ekarpenez osatzen dena. Hori da helburua, gipuzkoarrek, parte hartuz, elikatu dezatela plataforma eta edukiz hornitu, ezagutza-sare eguneratua eta aktiboa sortu ahal izateko.
Ekinbide hau, “Gipuzkoa ikasten duen lurralde” gisa sustatzeko programak finantzatzen du; Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo sailaren programa da, Bizialdi Osoko Ikaskuntza bultzatzen duena. Aldi berean programa honen %50 Eskualde Garapenerako Europako Funtsak ere finantzatzen du.