Datorren azaroaren 3an, Adidas Futbol-eko Berrikuntza zuzendaria den Antonio Zeak Brazuca, 2014ko Munduko Futbol Txapelketako baloi ofiziala, diseinatu eta garatzeko prozesuaren berri emango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen hasierako ekitaldian. Brazuca baloi adimendunaren garapenaren liderra izan zen Zea; baloia I+G lanaren emaitza da, Alemaniako multinazionalak garatua, bi urte eta erdiko iraupena izan duena eta 600 futbolarik baino gehiagok probatua, besteak beste Leo Messi, Dani Alves, Zinedine Zidane, Schweinsteiger edo Iker Casilllas-ek.
2010ean Adidas kritikatu egin zuten Munduko Kopan erabili zuen baloiagatik. Lau urte geroago, Zea arduratu da aerodinamika bikaina duen produktu bat garatzeaz, haize-tuneletan probatua, hanka robotikoek behin eta berriro jaurti ondoren airean ibilaldi sendoa egiteko gai izango dela ziurtatzeko. NASAk egindako aurre-ebaluazioaren arabera, baloi berriak bere aurrekoak baino zimurdura hobea du.
6 panel berdin-berdinekin eta puntada bakar bat eman gabe baloi bat sortzea geometria hutsa da. Gorputz akasgabea, portaera eta kontrol bikaina ziurtatzen dituena. Ikerketa-prozesu honen emaitzak, Japoniako Tsukuba Unibertsitateko Hong Sungchan eta Takeshi Asai-k argitaratu dituzte Nature Scientific Reports taldearen aldizkarian, eta esperimentu aerodinamikoak egin zituzten kirol-lehiaketan erabilitako zenbait baloirekin, azkenean ondorioztatzeko Brazuca-k duela orain arte azterturikoen artean hegadarik egonkorrena.
Adidas-ek Nurenberg-eko egoitzan berrikuntzarako laborategia du, non, bere tresneria eta metodologiatik abiatuta, beren produktuak probatu eta sorturiko informazio guztia biltzen duten produktu berritzaileak sortzeko. Financial Times egunkariari emandako elkarrizketan, Zeak adierazten du bere I+G+b lanak faktore asko hartzen dituela kontuan, besteak beste hirigintza edo klima, joko-moduari eragiten dioten aldaerak asko baitira, eta guztiek izan dezakete izugarrizko garrantzia munduko futbol-lehiaketa bezalakoetan, baita konpainiaren beraren ospe globalean edo emaitza komertzialetan ere. Eliteko lehiaketa batek bere-bereak dituen betebeharrak masa-produktu batentzat integratzea erronka bat da, Adidasen berrikuntza-gaitasuna proban jartzen duena.
Brazuca izena herri-bozketa bidez hautatu zen sare sozialetan egindako kanpaina handi batean, non milioi bat pertsonak hartu baitzuen parte, eta gehiengoz “Brazuca” aukeratu zuten, termino informala Brasilgo harrotasun nazionala eta bizimodua iradokitzen dituena, herrialde honetan jokatu baitzen munduko txapelketa joan zen udan. Baloiak bere profila du Twitterren, non 24 ordutan 75.000 jarraitzaile lortu baitzituen, historiako baloirik sozialena bihurtuz. Une honetan 3,26 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astean parte hartzeko aski da izena ematea hemen.