Gizateriaren historian aurrerapen handiak hainbat ezagutza-arloren bat-egitetik eta eragileen arteko lankidetzatik etorri izan dira. Data mining edo datu-meatzaritza algoritmoekin elkartzen denean, industria-sektoreak onura atera dezake energia aurreztuz eta eraginkorragoa izanez. Horrela agertzen da argitaratuta Optimitive-ren azken newsletterrean; 2008an Araban sorturiko enpresa honek Tecnaliaren babesa du eta Southern Europe Cleantech Hub-eko parte da.
Optimitive-k Supreme ikerketa-proiektuan parte hartzen du, Europar Batzordearen VII. Esparru Programaren funts bidez finantzatuan. Supreme algoritmoak eta teknologiak ari da garatzen, industria iraunkorragoa izan dadin eta bere mantentzea energia aldetik eraginkorragoa. Kasu honetan, emakume batek, Sophie Sieg-Zieba-k, gidatzen du CETIM Labs-en proiektua Frantzian. Data mining edo datu-meatzaritza eta matematika funtsezkoak ari dira izaten teknologia garbien (cleantech) arloan aurrera egiteko.
Une honetan, Supreme tresna berriak garatu eta testatzeko fasean dago Lecta taldearen Condat paper-fabrikan. Tresna horiek, ekoizpen-ekipamenduaren osagai kritikoen egungo egoerarako eragiketen mantentze eta estrategietara dinamikoki egokitzeko gai dira. Hurbilketa bat garatzen ere ari dira ekoizpen-prozesua eta energiaren kontsumoa optimizatzeko.
Supreme proiektuan, Optimitive-k ─Gasteizko La Azucarera eraikinean duen egoitza berriaz gain, ordezkaritzak ditu Alemanian eta Luxenburgon─ Optibat teknologia eta paper-makinetan duen esperientzia jartzen du, eta horrela energiaren kontsumoa optimizatzen eta paper-haustura minimizatzen laguntzen du. Gainera, algoritmo berriak ikertzen ari dira paperaren beste nolakotasun batzuk hobetzeko, inprimatzeko gaitasuna, adibidez.
Supreme proiektuan parte hartzen dutenak EC Systems, Cofely Ender-GDF Suez, Fraunhofer IPA, Grenoble INP, Loy&Hutz, Orloga Ingeniería, Lecta, Cetim eta Pragako Czech Technical University dira.