Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, berriz ere doako eskaintza osoa egiten die euskal enpresa txiki eta ertainei, bere erakunde bazkide guztiei eta berrikuntzako bitarteko agente edo eragileei RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko euskal estrategiak irekitzen dituen negozio- eta hazkunde-aukerei buruz I+G eta berrikuntzako lehentasunezko 7 eremutan, hots, fabrikazio aurreratu, energia, biozientzia/osasun, elikadura, hiri-habitat, ekosistema eta kultura- eta sormen-industrietan.
Programa doakoa da, eta 30 informazio-jardunaldi eta 23 prestakuntza-ikastaro izango ditu, eta webinar bidez emango dira 2021eko otsailaren amaierara arte.
Prestakuntza-ikastaroen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskadirako eremu bakoitzerako ezarritako lehentasunetan sakontzeaz gain, parte hartzen duten erakundeek berrikuntzaren oinarrizko alderdiei (negozio-eredu berriei, I+G+b-rekin lotutako kontzeptuei, berrikuntza bultzatzeko edo I+G+b-ren nazioartekotzea bultzatzeko eskura dituzten tresna eta zerbitzuei, …) buruzko ezaupideak lortzen dituzte. Hogeita hiru ikastaroek 3 eta 5 ordu arteko iraupena dute batez beste, eta EAEko hainbat unibertsitaterekin eta tokiko adituekin elkarlanean garatu dira eta bitarteko agenteei (klusterrak, elkarteak, …) eta Innobasqueko bazkideei zuzenduta daude.
Euskadiko ETEei zuzendutako 30 informazio-jardunaldietan, espezializazio-eremu bakoitzeko aukerez gain, jardunbide egokien kasuak eta berrikuntzari laguntzeko Europako, EAEko eta tokiko programa publiko eta pribatuak erakusten dira. Jardunaldiak, batez beste 1,5 ordukoak, enpresa-sareari laguntzeko 50 toki-erakunderen baino gehiagoren laguntzari esker antolatzen dira.
Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen buruzagitzapeko pilotatze-taldeek, euskal unibertsitateek, SPRI taldeak, teknologia-zentro espezializatuek eta lurralde osoan zehar berrikuntzan laguntzeko dauden 50 eragilek baino gehiagok parte hartzen dute programa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren mandatuz Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) koordinatutako “RIS3 estrategiaren lurralde-hedapena” ekimenean sartuta dago.
Azken bi urteetan, 50 ikastaro eman zaizkie, balorazio bikainarekin, Euskadin berrikuntzari laguntzeko hainbat erakundetatik etorritako mila parte-hartzaileri, eta horiek RIS3 Euskadi estrategiaren barruan dituzten hazkunde-aukerak helarazi dizkiete beren inguruko enpresei.