Dagoeneko parte har daiteke Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian. Ekimen hori Europako Kontseiluaren, Parlamentuaren eta Batzordearen artean antolatu dute, eta helburu gisa du herritarrei entzutea, Europar Batasunari buruz duten iritzia eman dezaten, herritarrek gidatutako zenbait elkarrizketa eta eztabaidaren bitartez.
Europako erakundeek hitzeman dute Europako herritarrei entzungo dietela, eta jarraipena egingo dietela, beren eskumenen esparruan, Konferentziak egindako gomendioei. Hori horrela, europar guztiek beren ideiak partekatu eta denen etorkizuna antolatzen lagundu ahal izango dute, plataforma digital baten bidez eta Europaren erronkekin eta lehentasunekin lotuta Europa mailan, nazio-mailan, eskualde-mailan eta tokian-tokian egingo diren zenbait ekitaldiren bidez.
Parte hartzeko interesa duten herritarrak (gaur-gaurkoz 10.178 dira) beren ingurune geografikoan antolatutako ekitaldiren batera joan daitezke, beren ideiak azaltzera. Horrez gain, beren ekimen propioa antola dezakete Europar Batasuneko edozein lekutan. Dagoeneko 500 ekitaldi daude antolatuta. Independenteak dira, baina denak Konferentzia honen esparruan sartzen dira.
Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziak gai hauek lantzen ditu:
– Klima-aldaketa eta ingurumena
– Osasuna
– Ekonomia, justizia soziala eta enplegua
– EB munduan
– Balioak eta eskubideak, zuzenbide-estatua eta segurtasuna
– Eraldaketa digitala
– Demokrazia europarra
– Migrazioa
– Hezkuntza, kultura, gazteria eta kirola
– Beste batzuk
Europako Kontseiluak jakinarazi duenez, asmoa da lehen ondorioak 2022ko udaberrian eskuratzea, Europako etorkizunari buruzko orientazioak emateko.