Euskal Autonomia Erkidegoko Global Entrepreneurship Monitor (GEM CAPV 2014) Txostenak erakusten du ekintzailetza-jarduerak Euskadin suspertze arin bat izan duela 2014an, nahiz eta oraindik ez den iristen krisi ekonomikoa, “gainditzen ari garena”, hasi aurreko %5era. Zehatz esanda, ekintzailetza-jardueraren mailak, TEA (Total Entrepreneurial Activity) indizearen arabera neurtuta, erakusten du 18 urtetik 64 urtera arteko euskal biztanleen %3,65 negozio bat abian jartzen edo kudeatzen ari zela azken 42 hilabeteetan (3,5 urteetan), eta hori %3 bakarrik ziren 2013an.

Txostena, euskal ekintzailetza-jardueraren diagnosia egiten duena, gaur goizean aurkeztu dute Donostian Maribel Guerrerok gidaturiko GEM CAPV taldea osatzen duten ikertzaileek; bertan izan dira Antton Tomasena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen zuzendaria; Txema Villate, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia; eta Agustin Erkizia, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Kanpo Harremanetako zuzendaria.

Txostenak, GEM Partzuergoaren metodologiaz eginak, ekintzailetzaren urteko erradiografia eskaintzen du eta horretarako euskal ekintzaileen ehunekoa, ezaugarri demografikoak, identifikatu dituzten ekinbideen kalitatea, eta euskal gizarteak jarduera ekintzailetzarekiko dituen jarrerak eta balioak erabiltzen ditu. Ekintzailetza-ingurunearen baldintza nagusiak ere aztertzen ditu, ekintzailetza-prozesua bultzatu eta oztopatzen dutenak.

Halaber, txostenak euskal ekintzailetza-jarduera nazioarteko ingurunean proiektatzen du, duela 16 urtetik hona 74 herrialdetan egiten baita. GEMek kalitate handiko informazioa ematen du, eta horrek erabakiak hartzea errazten du politika publikoetan, lurraldeak alderatzeko aukera ematen du, eta ekintzailetza-prozesuaren bilakaera eta nazioarteko esparruan duen ingurunea ezagutzea ahalbidetzen du, eta ekintzailetzak ekonomian dituen eraginak ere erakusten ditu. Horren haritik, emaitzak orientabide izan dira politikak diseinatzeko eta Ekintzailetza Jarduerari Laguntzeko Erakunde Arteko Plana ─Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek bultzatua─ egiteko.

Jarduera ekintzailearen diagnosia

GEM CAPV 2014 txostenak euskal ekintzailetza-jarduera indartzen jarraitu beharra dagoela erakusten du. BPG per capitaren eta ekintzailetza-jardueraren arteko erlazioak (TEA) erakusten du Euskadik beste herrialde batzuen (Alemania, Belgika, Frantzia eta Japoniaren) antzeko jokabidea duela. Enpresa finkatuen ehunekoa bezalakoa adierazleetan, Euskadi hamargarren lekuan dago berrikuntzan oinarrituriko ekonomien ingurunean.

Euskadiko ekintzailearen profilari dagokionez, aurreko edizioetakoaren antzekoa, 35 eta 54 urte arteko gizonezkoa da, goi-mailako ikasketekin eta errenta-maila handikoa, motibazio nagusia aukera baten identifikazioa duena, baina 2010. urtetik aurrera gehituz joan da halabeharrez ekiten dioten pertsonen kopurua. Gainera, emakumezkoen ekintzailetza-tasak gizonezkoen tasaren azpitik egoten jarraitzen du, nahiz eta tartea murrizten ari den.

Ekintzailetza-prozesuaren finantzaketari dagokionez, negozio bat martxan jartzeko beharrezko hazi-kapitalean atzerakada sumatzen da 2014an. Halaber, jarduera ekonomiko bati ekiten dioten 10 pertsonetako ia 4k beren hasierako finantzaketa-premiak oso-osorik beren gain hartuz egiten dute, eta kasuen %26,9an bakarrik izan dira finantza-erakundeak beharrezko hazi-kapitalaren zati handienaren finantzaketa-eragile.

Negozioen kalitateari dagokionez, ekintzailetza-jardueraren %80,3 zerbitzu-jardueretara zuzendutako ekinbideei dagokie, %23,3 ezagutzan intentsiboak diren zerbitzu-negozioak direlarik. Enpresa-dimentsioari dagokionez, negozio berrien egungo tamaina batez beste 2 langilekoa izan da, eta horrek aurreko urtearekiko gehikuntza suposatzen du. Gainera, nazioarteko orientabidea hobetu egin da, ekintzailetza-jardueraren %21,6 hasierako fasean bezeroen %1 gutxienez negozioak atzerrian dituzten pertsonei dagokie.

Ekintzailetza-jardueraren gehikuntza arinak lotura izan dezake inkestaturiko euskal biztanleek (18 urtetik 64 urtera bitartekoek) balio eta jarrera batzuen pertzepzioan erakutsitako joera positiboarekin, eta hori ingurunean ekintzailetzarako aukerak egoteari buruz  eta egitea posible dela erakusten duten erreferentzia-ereduei buruz.

36 euskal adituri egindako elkarrizketetan oinarrituta, txostenak esaten du ekintzailetzarako baldintzarik langungarrienetako bat atzeraldi ekonomikoa izan dela. Horregatik, ekintzailetza-ekinbideen finantzaketa bultzatzen jarraitzea gomendatzen da; ekintzailetza hezkuntzaren eta prestakuntzaren bidez sendotzea; eta ekintzailetza-prozesua bultzatzen duten azpiegitura komertzial eta profesionaletan inbertitzen jarraitzea.

GEM CAPV proiektuari buruz

GEM CAPV txostenaren hamaikagarren edizio hau honako erakunde hauen lankidetza eta finantzaketari esker izan da posible: Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Saila; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Oreka Departamentua; Emilio Soldevilla Fundazioa; eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, proiektuaren erakundezko bazkide gisa duen zereginean. Txostena Deustuko Unibertsitateko (DU/UD), Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateko (MU) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) ikertzaile talde batek egin du.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago