El Regato Ikastetxeko taldeak gaur Tenerifen Aurkezpenik Onenen Saria jaso du Espainiako FIRST Lego League (FLL) txapelketako finalean, eskola-ikasleentzako zientzia eta teknologiako txapelketa hau Tenerifeko Kabildoak eta Scientia Fundazioak antolatu dute. Parte-hartzaile guztiek zientzia-proiektu bat aurkeztu dute, epaimahai baten aurrean defenditu eta Lego piezak erabiliz robot bat diseinatu eta programatu dute, aurrez erabakitako zenbait eginkizun bete dituelarik. Txapelketa, Nafarroako Mechatronics Ants-ek irabazi du.
El Regato ikastetxeak, Karmengo Ama Ikastetxeak eta Arizmendi Ikastolak lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak eskuratu zituzten, hurrenez hurren, Euskadiko FLL lehiaketan; hau Innobasquek antolatzen du urtero bere Berrikuntza Eskola ekinbidearen barruan, eta horrela haur eta gaztetxoei berrikuntza egiten irakasten zaie era dibertigarri eta sortzailean.
Zientzia-proiekturako, El Regatoko ikasleek “Eat the world” sortu dute, haurrak elikadura osasungarrian kontzientziatzen dituen app bat. Karmengo Ama Ikastetxeak konponbide bat aurkeztu du aplikazio mugikor batekin bullyinga prebenitzeko whatsapp-aren bidez. Bestalde, Arizmendi ikastolako talde gipuzkoarrak metodologia berritzailea sortu du pianoa jotzen ikasteko.
Honela, ikasteko prozesuak hobetzera zuzenduta daude proiektu guztiak, hori baita txapelketaren antolatzaileek aurten mundu osoan bota duten erronka, eta horri egin diote aurre, tresna gisa zientzia, sormena eta berrikuntza dituztela, mundu osoko 70 herrialdetako 230.000 ikaslek. Erronkari irtenbidea emanez, gazteak zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin zaletu eta gogoberotzen dira, gaitasun baliotsuak ikasiz beren etorkizun pertsonal eta profesionalerako.
FLL-k zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen ditu, sormena eta berrikuntza iratzarriz. Aurten Espainiako finalean 37 taldetako 400 gaztek parte hartu dute, bi kategoriatan banatuta: FLL (10 eta 16 urteko 250 neska-mutil) eta Junior FLL (6 eta 9 urte arteko 150 neska-mutiko). 3.500 lagun inguru izan dira lehiaketan, horien artean parte-hartzaileak eta entrenatzaileak, senitartekoak eta lagunak.
Espainiako FLLn puntuazio onenak lortu dituzten taldeek sailkatzeko aukera dute nazioarteko txapelketa hauetan parte hartzeko: World Festival Saint Louisen Estatu Batuetan, Open African Championship Johannesburgon, Asia Pacific Open Championship Sydney-n, edo Razorback International Arkansasen, hau ere Estatu Batuetan.
Zorionak partaide guztiontzat!