Balio publikoa sortzeko proiektuentzako Elkarlan Sarien hiru deialdi gauzatu ondoren (2015, 2016 eta 2017an), Eusko Jaurlaritzak pentsatu du ona izango litzatekeela horien edukiaz eta eraginaz ebaluazio-prozesu bat irekitzea. Helburua da ateratako ondorioek deialdia hobetzen laguntzea, sarien sorrera eragin zuen helburua bete ahal izateko, hau da, gizarteak sentituriko beharrizanak estaltzeko herritarren ekimenek sortzen duten balio publikoa aitortu eta saritzea.
Elkarlan Sarien egungo deialdiarekin dagoen gogobetetze-maila ebaluatzeko, herritarrak elkarlanera bultzatu nahi dira, ekarpenak egin ditzaten sariak hobetzeko. Otsailaren 9ra arte bete daitekeen galdeketa honetan Elkarlan Sarien deialdiaren alderdietako bakoitzari buruzko iritzia ongien jasotzen duen aukera edo aukerak hautatu ahal izango dira, eta testu librearen eremuak erantzuna zehazteko edo proposamenak egiteko erabil daitezke.
Sari hauekin, Eusko Jaurlaritzak bere konpromiso bat betetzen du: esperientzia berritzaileen garapena sustatzea herritarren parte-hartzea erraztuko duten formulak esperimentatu ahal izateko, Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian jasotzen den bezala. Dokumentu hori Euskal Herri Administrazioaren eta herritarren artean elkarrizketa, negoziazio eta akordiorako mekanismo iraunkorrak sortzeko tresna bat da, herritarrek parte hartu ahal izateko zuzenean dagozkien erabakietan.
Proposamenek premiaren bat ase behar dute osasun, ingurumen, ekonomiaren garapen, ikaskuntza edo gizarte-kohesioaren eremuetan, eta lehen aldiz 2017ko deialdian, open data-ren eremuan ere bai, hau da, era askean erabil daitezkeen datuak berrerabiltzeko filosofia. Gizarte zibileko erakundeak aurkez daitezke: GKEak, elkarteak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta abar, pertsona eta taldeen ahalduntzea aktibatzeko ahalmena duten proposamenekin.
Innobasquek Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten du Liburu Zuriko konpromisoen hedapenean, horien artean dagoelarik gizarte zibilak sortzen duen balio publikoa aitortzea eta, Elkarlan Sarien kasuan, diseinuan laguntzen du eta saritutako ekimenak hautatzen parte hartzen du.