Elkarlaneko zuzenbidearen jardunbidea gai zibil eta merkataritzakoetan sartzea Elkarlaneko Zuzenbide Elkartearen (ADCE) helburuetako bat da. Gatazkak epaitegietatik kanpo negoziatu eta ebazteko metodologia berritzaile hau aukera erabilgarri eta eraginkorra izan da enpresa-munduan desadostasunak konpontzeko.
Honela, Paul Rolland, Frantziako Bouygues eraikuntza-enpresako Sail Juridikoaren zuzendaria, dagoeneko jardunbide hau sartzen ari da bere enpresan. Bera izango da, beste espezialista batzuen ─adibidez, Linda Cohan edo Paul Faxon estatubatuarren eta Christian Lamm argentinarraren─ ondoan, Elkarlaneko Zuzenbidean Oinarrizko Prestakuntza ikastaroa emango duen adituetako bat, Bilbon azaroaren 13an eta 14an. Prestakuntza hau ADCEk antolatuta dago Massachussettseko Elkarlaneko Zuzenbide Elkarte (IACP), Deustuko Unibertsitate eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzarekin lankidetzan.
Ikastaroa ez da bakarrik abokatuentzat; berrikuntzaren alde egiten duten ekonomista, psikologo, coach, bitartekari, arkitekto eta enpresa-zuzendaritzakoentzat ere bada. Innobasqueko bazkideek %25eko beherapena izango dute prestakuntza honetan eta elkartearen beste batzuetan, bi erakundeen artean lankidetza-hitzarmena egin baita aukera berritzaile hau sustatu eta garatzeko; izan ere, Estatu Batuetan ─elkarlaneko zuzenbidean erreferentziazko herrialdea, bertan sortu zelarik 90eko hamarkadan─ kasuen %85en ebazpen edo konponketa positiboa eskaintzen du.