“Zuzendaritzatik enpatizatu egin behar dugu pertsonekin eta etengabe lan egin berdintasunaren aldeko estrategia aktiboan”, adierazi du Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, gaur goizean Emakumeak, Berrikuntza eta Zientzia I. Topaketan. Barakaldoko Udalak eta Innpulso Sareak ─Zientzia eta Berrikuntzaren Hirien Sareak─ antolaturik, jardunaldiak balio izan du zientzia- eta teknika-jardueretan ohikoak diren gizonezko rolak apurtzeko, eta eremu honetan emakumearen parte-hartzea sustatzeko.
Bilbaok “Generoa eta lidergoa. Aukera-berdintasuna industria-, teknologia- eta ekintzailetza-eremuetan” mahaian hitz egin du, eta zera azpimarratu du: “Euskadi berrikuntzan lider izatea nahi badugu Europan, jakin behar dugu honelako lurraldeak izaten direla berdintasunaren aldekoenak ere. Herrialderik disruptiboenak izaten dira orekatuenak ere genero-berdintasunean. Beraz, emakumeak baztertzen dituzten ekonomiak atzeratuta geratuko dira, zeren eta, zenbat eta handiagoa izan genero-etena, are txikiagoa izaten baita lehiakortasuna eta are txikiagoa berrikuntza”.
Berrikuntzaren Euskal Agentzia STEAM Estrategia (ingelesezko siglen arabera, Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) bultzatzeko proiektuetan ari da lanean, eta jakintza-arlo hauetan bokazioak sustatu gura ditu euskal ikasleen artean, arreta bereziki neskengan jarrita. Arlo hauekin loturiko lanbideak eskaera handienekoak izango diren arren, neskek ez dute unibertsitate-gradu hauetara jotzen. Honela, Bilbaok honako hauek nabarmendu ditu: FIRST Lego League Euskadi, Euskadin STEAM hezkuntza bultzatzen duen erreferentziazko hezkuntza-programa, Innobasquek antolatua; Inspira STEAM, emakumeen mentoretza-ekimena neskentzat, Deustuko Unibertsitateak gidaturikoa; eta Ada Byron saria Emakume Teknologoarentzat, Deustuko Unibertsitateak deitua, teknologiaren arloan emakumeen eginkizuna ikusgai bihurtzeko xedea duena.
Bilbaorekin batera izan dira mahaian Izaskun Elizondo, Zientziapolis-en bazkide sortzailea; Iratxe Las Hayas, Castings ITP Aero-ko zuzendari nagusia; Itziar Epalza, Euskadiko Teknologia Parke Sarearen zuzendari nagusia; Eva Armesto, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapenerako Zerbitzu-burua; eta Idoia Postigo, Bilbao Metropoli 30-eko zuzendariordea.