Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Meatzaldea, Enkarterri eta Ezkerraldea eskualdeetako ETEen ordezkariak bildu ditu gaur goizean Sede-EIC eraikinean, Euskadiko Teknologia Parkeko Abanto Campusean, beren erakundeetan irtenbide berritzaileak sartzeko dituzten zerbitzuak eta laguntzak erakusteko. Topaketa hiru eskualdeetako ekonomia eta enpresak sustatzeko eragile nagusiekin lankidetzan egin da: Meatzaldeko Behargintza, Enkartur, Inguralde (Barakaldoko Udala), Santurtzilan, Hazten (Portugaleteko Udala) eta Sestaoko behargintza.
Hitzordua “Bizkaia Orekan Sakonduz” izeneko ekimenaren barruan kokatzen da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Beazen eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasqueren arteko lankidetzaren bidez. Ekimen horrek enpresa txiki eta ertainak gonbidatzen ditu emaitzak hobetzera, baliabideak optimizatzera eta berrikuntzaren bidez lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzera.
Horretarako, eskura dituen berrikuntzari laguntzeko zerbitzuak aurkeztu ditu Josu Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa- eta lurralde-lehiakortasuneko zuzendariak; Inmaculada Ugartechek, Uniporteko zuzendari nagusiak, Euskadiko kluster multimodal logistikoak; eta Luis Manerok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako, Innobasque enpresa txiki eta ertainetako berrikuntzako zuzendariak.
Jarraian, inguruko hainbat sektoretako lau ETEetako ordezkariek beren produktu eta prozesuetan irtenbide berritzaileak ezartzean lortutako onurak azaldu dituzte, baita berrikuntza-prozesuan gainditu dituzten zailtasunak ere.
Zehazki, honako hauen esperientziak ezagutu dira: Alex López, Revenanteko CEO (jasangarritasun-irizpide altuetan oinarritutako industria-makineria birmanufakturatzen duen enpresa, Gordexolan kokatua), Ibon Momeñe, Sopuertako Lacilla Taldeko proiektu berrien arduraduna (agregakinak eta hormigoia merkaturatzen dituen enpresa), Andrés Urrego, Barakaldoko Gurenergias enpresako gerentea (energia-soluzio berriztagarriak instalatzen espezializatua) eta Mireia de Diego, Gutrameko berrikuntza-arduraduna (ekodiseinutik abiatuta hondakinei erabilera berriak bilatzen dizkien Abanto-Zierbenako enpresa).