Imajina ezazu jarduera fisikoa zeure jarduera profesionalarekin uztartzea, lantokian fruta freskoa, estresa kudeatzeko programak, prestakuntza ergonomikoa, masajeak, nutrizionista edo trebatzaileak zeure esanetara eta abar izatea. Sinesgaitza, ezta? Ez, hau Corporate Wellness da, eta gero eta enpresa gehiagok ikusten dituzte langileen artean ohitura osasungarriak sartzearen onurak.

Corporate Wellness edo ongizate korporatiboko programek enplegatuen osasuna hobetzera bideratutako ekinbideen esparru bat osatzen dute. Baina langileentzako eurentzako onurez gain, azterketa askok erakutsi dute programa hauek erakundeetan ere ondorio positiboak izaten dituztela. Lanean Osasuna Sustatzeko Europako Sarearen (ENWHP) arabera, ohitura osasungarriak sustatzeak absentismoa %12 eta %36 artean murriztu dezake, eta gainera beste alderdi batzuk hobetzen ditu: produktibitatea, lan-giroa, presentismoa eta azken batean enpresaren hazteko eta lehiatzeko gaitasuna.

Baina erakunde batean Corporate Wellness programa bultzatzeko, ez da nahikoa gimnasioa enplegatuen eskura jartzea. Ekinbide hauen arrakastarako giltzarrietako batzuk honako hauek dira:

Konpromisoa

Ongizate korporatiboaren estrategiak enpresa-estrategian sartuta egon behar du, eta zuzendaritzaren eta erakunde osoaren konpromisoa izan behar du bere alde. Ez da aski Giza Baliabideen sailetik gauzaturiko ekinbideak izatea, Zuzendaritza Nagusiak gidatuta ere egon behar dute.

Plangintza

Funtsezkoa da Corporate Wellness epe ertain eta luzera planifikatzea, eta ongi zehazturiko helburuak izatea. Horretarako beharrezkoa da lehenik erakundeko kideen premiak identifikatzea, baita horien osasunean eragiten duten faktoreak ere. Bizi-estiloak adin goiztiarretan egituraturiko jokabide-ereduetan oinarritzen dira, eta beraz eredu hauetan aldaketa sustatzea pixkanaka baina denbora luze samar batean egin beharreko prozesua da.

Motibazioa

AEBetan ohikoa da Corporate Wellness programak dituzten enpresek beraietan parte hartzeko motibatzea enplegatuak diru-pizgarrien bidez. Honelako ordain hauek oraindik ez dira ohikoak gure inguruan, baina erakundeek erronka bidez motiba ditzakete beren langileak, edo emaitzak partekatzera eta beste lankideekin lehiatzera bultzatu, osasuntsuenak izan daitezen. Programa dinamiko eta parte-hartzaileak eskaintzeak ere laguntzen du arrakasta bermatzen.

Sormena

Corporate Wellness programak ez du aspergarria izan behar. Horretarako funtsezkoa da azken joeren berri izatea. Adibidez, Chicago inguruko enpresa batzuk haratago doaz ongizate korporatiboko programetan, eta hasi dira baratzeak lantokietako zabaltza edo inguruetan jartzen. Diotenez, lorezaintza da gimnasio berria enplegatuen ongizate-programetan, eta horren onurak nabarmenak dira: bizi-ohitura osasungarriak sustatzen dira elikagai fresko eta hazkurritsuak bultzatuz, langileen arteko harremana hobetzen da, estresa arintzen laguntzen da eta produktibitatea areagotzen da.

Innobasquek bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditu pertsonen eta horien inguruneen artean GOSASUN mugimenduaren bidez. 100 euskal erakundek baino gehiagok osatzen dute sare hau, ohitura osasungarrien sustapenarekin konprometituriko erakundeak dira, eta eragile hauen eskura Mugi zaitez lantokian kartela jarri da GOSASUNetik, jendeak keinu txiki batzuk egin ditzan lantokian osasuna hobetzen laguntzeko. Zure erakundea ere sare osasungarri honen parte izatea nahi baduzu, egizu bat hemen. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago