Europako Batzordeak “berrikuntza-polo”tzat dauka Euskadi, berrikuntza handiko eskualdea baita, berrikuntza moderatuko lurraldez inguratua. Euskadik, beste urte batez, eutsi egin dio kalifikazio honi, inguruko eskualdeen bilakaera negatiboa gorabehera.
2008an, Euskadik Europarekin parekatzea lortu zuen BPGri buruzko bere gastu-maila I+Gn, baina 2012tik aurrera, krisiaren eraginez, urrundu egin zen Europako batez bestekotik eta %1,82koa zen EB-28koa %2,03koa zen bitartean. Urruntze hau 2012ko ekitalditik aurrera areagotu egin zen enpresetako I+Gren kasuan, non finantzaketa publikoaren pisua handiagoa izan baitzen Europako batez bestekoa baino, 2015. urteari dagokion azken datuaren arabera. Horren haritik, Euskadin finantzaketa publikoa Europako batez bestekoa baino handiagoa izan zen.
Datu hauek Berrikuntzaren Innobasque Txostenaren parte dira; Txostena Berrikuntzaren Euskal Agentziak bi urtean behin euskal berrikuntzaren egoeraz egiten duen analisi konparatiboa da. 2018ko azken edizioan esaten du 2016an Euskadik joera-aldaketa esperimentatu zuela: I+Gn egindako gastua % 1,4 hazi zen termino absolutuetan, finantzaketa publiko nahiz pribatua gehitzearen ondorioz.
Lanak adierazten du hezkuntza-maila eta eragin ekonomikoak direla Euskadiko indar-gune handienak Europako beste eskualdeen aurrean; eta ETEetan egiten den berrikuntza, berriz, ahuleziarik handiena. Zehatz esanda, marketin edo antolakuntzaren berrikuntza eta makineria aurreratu, software edo patenteetako inbertsioari lotutako berrikuntza direla ahulezia nagusiak.
Horretatik guztitik ondoriozta daiteke Euskadi eskualde berritzailea dela, eta zenbait adierazle hobetuz gero, berrikuntzan lider diren Europako eskualdeen talde hautatukoa izatera irits daitekeela, hau da, bizi-kalitate handia eta enpresa-lehiakortasun sendoa duten eskualdeen artekoa, nola baitira Stockholm Suedian, Hovedstaden Danimarkan edo Hego-ekialdea Erresuma Batuan.