Gaur goizean aurkeztu da Bilbon Euskadiko Berrikuntzaren Gidaliburuaren hamalaugarren edizioa (2020), Estrategia Empresarialek, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean, argitaratzen duena. Aurtengo edizioaren goiburua “Berrikuntza, euskal enpresarentzako txerto eraginkorra” da.

Manuel Salaverriak, Innobasqueko lehendakariak, streaming bidez eman eta publikorik gabe egin den ekitaldiaren hasieran adierazi duenez, “gure enpresa txiki eta ertainen berrikuntza arintzeko hiru palanka, pandemiak azeleratu dituenak, erabili behar ditugu: digitalizazioa, ingurumen-jasangarritasuna eta erantzukizun soziala”. “Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, aurrekontua % 9,7 handituta, I+Gari laguntzeko konpromisoa indartu duenez eta Europako Batzordean Next Generation proiektuetan sartzeko prozedurak zehazten ari direnez, bereziki garrantzitsua da gure ETEak aukera-sare horretan kokatzea”.

Halaber, “une honetan askorentzat zaila dela aitortuta, begirada pixka bat igotzea” eskatu du; izan ere, “jakin behar dugu krisi orok aukerak sortzen dituela, eta honek ere bai”. Hori guztiori “Euskadi Europako 50 eskualderik berritzaileenen artean kokatzeko ikuspegiarekin”.

Roberto Urkitzak, Estrategia Empresarialeko kontseilari delegatuak, gidatu du ekitaldia eta pandemian berrikuntzak duen zeregina eta datozen aldaketak aztertzeko mahai-ingurua moderatu du. Bertan izan dira parte hartzen Josune Goikoetxea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen Zerbitzuko buru eta Biocruces Bizkaia-ko ikertzailea; Juan Jose Alvarez, EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna; Cristina Uriarte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Eusko Jaurlaritzako komisionatua; eta Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) zuzendari nagusia.

Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, eman dio amaiera aurkezpenari, eta bere Sailak ezarri dituen helburuak zerrendatu ditu: langabezia % 10etik behera jaistea; industria aurreratua izatea, Euskadik bat egin dezan I+G inbertsioaren Europako batez bestekoarekin; energia berriztagarrien sorrera eta kontsumoa sustatzea, eta berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea. Hori lortzeko, “euskal gizartearen eraldaketa bizkortu eta bultzatzen” lagunduko dute, “elkarlanean jardunez” eta “gure gaitasun guztiak hedatuz”.

2020rako Euskadiko Berrikuntzaren Gida esteka honetan dago eskuragarri. Argitalpenak Euskadiren 2020ko jarduera berritzailearen panoramika bat egiten du, Berrikuntzaren Euskal Sistemako eragile eta protagonista nagusien elkarrizketa, erreportaje sakon eta iritzi-artikuluen bidez.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago