Beasaingo La Salle-San Jose ikastetxeko 55 ikaslek Máquinas de Ingenio. Jakintzen Bidegurutzean erakusketa bisitatu dute gaur goizean. Erakusketa horretan, Tabakalerako artista batzuek, Euskadiko ikerketa-zentroekin lankidetzan, garatutako prototipo batzuk erakusten dira, Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ardatz dituztenak. Ekitaldia FIRST LEGO League Euskadiren 15. edizioko prestakuntza-programaren barruan dago.
Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako ekitaldian zehar, ikasleek lau artistek egindako lau pieza ezagutu dituzte: Exografías (Amaia Vicente), gizakien eta roboten arteko elkarrekintzan oinarritutako proiektua; C. El punto justo del conflicto cognitivo (Laura MM), Adimen Artifizialaren eta burmuinaren arteko erlazioa irudien bidez aztertzen duena; Sugar Detox Clinic (Elsa Yranzo) sesintoxikazio-klinika bat, azukre-mendekotasunari aurre egiteko; eta, azkenik, Compost Computacional (Marina Otero Verzier) lana, datu digitalak bilduz egungo eta etorkizuneko ingurumen-inpaktua lantzeko proiektu bisual bat.
Pieza horiez gain, ikasleek Tabakalerako bi esperimentazio-gune nagusiak bisitatu dituzte: herritarren sorkuntzarako laborategia eta sorkuntza-liburutegia (Medialab) eta ikus-entzunezko sorkuntzarako laborategia (2deo).
FLL Euskadiri buruz
FIRST LEGO League Euskadi Berrikuntzaren Euskal Agentziak-Innobasque, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sustatzen duten STEAM Hezkuntza programa bat da, 6 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea xede duena. Denboraldi honetako erronkaren bidez (MASTERPIECE izenekoa), talde parte-hartzaileek gainerakoekin partekatu nahi duten zaletasuna (artea, musika, zinema, antzerkia…) identifikatu beharko dute, eta, horretarako, teknologia modu sortzailean erabili.
FLL Euskadiren amaiera martxoaren 2an, larunbatean, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Vitoria-Gasteizen aldi berean egingo den egoitza anitzeko azken txapelketa da. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatzen duen STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren barruan dago. Hezkuntza Sailak ekimen horretan laguntzen du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin batera.