Ekonomiaren susperraldia sendotzeko ia astirik gabe, Euskadi agertoki berri baten aurrean dago: industria-iraultza berria, espezializazio adimenduna… Innobasquek bere bigarren sendotze-zikloa bizi ondoren aurre egiten dio 2016ari. Eta Hirugarren Ziklorako funtsezko hiru erronka planteatzen dira: zientzia, teknologia eta berrikuntzako politiketarako babes estrategiko gisa berak duen zeregina indartzea; lankidetza publiko-pribatuaren eragile gisa bere balioa optimizatzea; eta bere bazkide-oinarria gehitzea, dibertsifikatzea eta sendotzea. Txema Villaterekin, Berrikuntzako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarekin, elkarrizketa egin du Estrategia Empresarial-en Euskadiko Berrikuntzaren Gida 2015ek, eta gai hauek eta beste batzuk jorratzen ditu bertan. “ETE eta mikroETE gehiago sartu behar ditugu berrikuntzaren bidean”, esan du.
1.- Zer esan nahi dute kontzeptu berri horiek eta zer suposatuko dute euskal enpresentzat?
Espezializazio-estrategia adimendunak enpresa-ezaguera eta ehuna duten arloen alde egitea esan nahi du. Ezin gara bikainak izan gauza guztietan eta, horregatik, Europatik eskualde bakoitzari hautatzeko eskatzen zaio. Euskadin fabrikazio aurreratua, energia eta osasunari aplikaturiko biozientziak aukeratzea erabaki da. Lau abagune edo aukera-nitxo ere identifikatu dira: elikadura, eraikuntza iraunkorra, sormenaren industriak eta hiri-ekosistemak. Honela, fabrikazio aurreratua da estrategia horietako bat, hemen Basque Industry 4.0 deitu duguna.
Zer esan nahi duzu, zehazki?
Gure BPGren %23 industriala da eta estrategia horrek gure industriaren lehiakortasuna sendotuko du. Makina eta sistema malgu eta adimendun, material eta fabrikazio-prozesu berri, elkarlaneko robotika, fabrikazio aditibo, Gauzen Internet, ikuspen artifizial eta errealitate handiagotu, cloud computing edo big data-ri buruz ari gara.
2. Zein da pertsonen eginkizuna ordena berri honetan?
Pertsonak funtsezkoak dira, beti izan dira eta izango dira. Teknologia lanabes bat baino ez da ezagueraren langilearen aroan. Beti parafraseatzen dut Steven Johnson esanez aurrerabidea ezaguera baizik ez dela, berrikuntzen bidez ekintzan jarria. Eta ezaguera pertsonek garatzen dute.
3. Erakunde bakoitzarentzat berrikuntza kudeatzeko estilo bat dago ala komenigarriagoa da eredu bat bera, enpresa-ehun osoaren lehiakortasuna kohesionatu eta bultzatuko duena?
Ez dago berrikuntza kudeatzeko estilo bakarra, baina bai berrikuntza ernetzeko ingurune egokiak sortzea ahalbidetzen duten zenbait elementu komun. Lehenengoa da berrikuntzak enpresaren estrategian egon behar duela, eta trakzio-lana egin eta ingurune bideratzailea sortuko duen lidergoa behar dela; baina, batez ere, barruko eta kanpoko lankidetza sustatuko duena. Inork ez du berrikuntza bakarka egiten, ez dago erakunderik berrikuntza egiteko gaitasun guztiak dituenik, oso ondo dakite hori berrikuntza potentzialak erakartzeko beren baliabideak aktibatu dituzten multinazionalek. Zer esango dugu ETEak eta mikroETEak nagusi diren lurralde honetan? Lankidetza gehiago eta hobea behar dugu.
4. Horren ildotik, bada euskal erakundeetan berrikuntzarako benetako espiritu edo kulturarik? Zertan igartzen da hori?
Euskadin badugu gizarte-kontzientziarik berrikuntzaz. Gainera, erakunde oso berritzaileak ditugu, berrikuntzaren benetako txapeldunak. Baina bi alderdi kritiko indartu beharra daukagu: ETE eta mikroETE gehiago sartzea berrikuntzaren bidera, eta berrikuntzaren eskaria gehitzea hemen bertan, bai arlo publikoan eta bai pribatuan. Aukera bat euskal enpresek beren trakzio-gaitasunean are gehiago sakontzea izango litzateke, berrikuntza-aukerak eskainiz bertako balio-kateari.
Nola neurtzen da berrikuntza?
Euskal erakundeak zenbateraino diren berritzaileak jakiteko erarik onena nazioarteko estandar bat erabiltzea da, hau da, Europan Innovation Union Scoreboard (IUS). Horrek erakusten du Euskadin nabarmena dela enpresa-ekimena, baina azpitik geratzen dela finantzaketa pribatuan eta aktibo intelektualen babesean. Baita ere deduzitzen da gure enpresek berrikuntzako barne-jarduera handiagoa dutela eta beste batzuekin gehiago kolaboratzen dutela Europako batez bestekoa baino, nahiz eta gehitu egin behar dituzten inbertsioak gai honetan.
Nola finantzatzen da?
Enpresek eurek finantzatzen dute I+G-ren kasuan zati handiena, baina herri-administrazioek eta Europako esparru programek ere laguntzen dute, azken hauek gero eta gehiago. Enpresa-inbertsioei dagokienez, IUSek adierazten duenez, gure enpresak Europako batez bestekoaren gainetik daude I+G-n egindako inbertsioan, baina ez teknologikoa ez den berrikuntzan egindako inbertsioan. Innobasquek garaturiko adierazle espezifikoa den Indizea-ren atariko emaitzek ere hori adierazten dute, alegia, euskal enpresek gutxiago gastatzen dutela ukiezinetan Europako baliokideek baino. Ukiezinetan, I+G-z gain, beste aktibo batzuk sartzen ditugu: softwarea, antolaketa-berrikuntzak, marketina, prestakuntza eta gaikuntza edo diseinua, etab.
Zer ondorio dute inbertsio horiek guztiek?
Emaitza nagusia produktu berriak dira, bai azken merkaturako eta bai enpresen arteko merkaturako, hauek Europako batez bestekoa baino sarrera-maila handiagoa ematen baitute, %16,1 versus %12,4, IUSen arabera. Produktu eta zerbitzu berri hauek ezaguera intentsiboko jardueretan enplegua sortzen arituko lirateke. Baina kontuan izanda gure ongizate-mailari eusteak suposatzen duen erronka, beste urrats bat egin behar dugu, eta gure lehiakide diren herrialde eta eskualde liderretako enpresen mailara iritsi.
5. Enpresa-erakundeetan sortzen den berrikuntza, gizartera ere iristen da?
Enpresak, definizioz, beren ingurunean zuzeneko eta zeharkako eragina duten gizarte-eragile bat dira. Enpresek balio ekonomikoa, enplegua sortzen dute, erantzunkide dira enplegagarritasunaren hobekuntzan eta belaunaldien arteko ezagueraren transferentzian eta abar. Gainera, gero eta gehiago egiten dute, beren jarduera eta plan estrategikoetan, balio partekatuak (ingurumenaren begirunea, kultura bultzatzea, erosketa arduratsua…) sartzearen alde, eta gizarte bidezkoago baten eraikuntzan benetako eragina duten balioak dira.
Zertaz ari gara gizarte-berrikuntzaz hitz egitean?
Gizarte-berrikuntzak balio publikoa sortzea bilatzen du, gizartearen erronkak konponduz. Baina ez nolanahi. Sistemetan aldaketa onuragarriak sortzea bilatzen du, ahal diren berrikuntza-gaitasun guztiak aktibatuz: komunitatearen ahalduntze-maila handiagoak eta aliantzak sortzea. Gizarte-berrikuntza “soziala” den berrikuntza da, bere helburuetan nahiz bitartekoetan.
Nork egiten du trakzio edo tiratze-lana berrikuntza honetan? Eta zein norabidetan?
Ez dago eragile pribilegiaturik, eragile eta pertsona guztiak dira edo izan daitezke gizarte-berrikuntzaren eragileak. Innobasquen hiru trakzio-indar bereizten ditugu. Alde batetik, administrazioa, arlo publikoaren kudeaketan, herri-politiketan egindako berrikuntzaren bidez eta gobernu on, gardentasun eta parte-hartzearen printzipioetatik. Bestalde, herritarrak, gizarte-mugimendu autokudeatuen bidez, interes publikoko eremuetan dihardutelarik erantzunkidetasunetik. Eta azkenik, merkatua, produktu eta zerbitzu berritzaileak garatuz, ase gabeko gizarte-eskariei erantzuten dietelarik.
6. Innobasquek oraintxe izenpetu du hitzarmena Medellín Ruta N berrikuntza-agentziarekin. Geure berrikuntza-eredu propioa nazioartekotzeko egoeran gaude?
Esan dezakegu badugula geure berrikuntza-eredu propio bat eta hori aintzat hartzen ari direla. 2011n, ELGE/OCDEk esaten zigun aitzindari ginela berrikuntzan lauko helizearen eredua aplikatzen, eta hor enpresek, herri-administrazioek, ezagutza-zentroek eta gizarte zibilak hartzen dute parte. 2014an Nesta berrikuntzaren britainiar agentziak txosten bat eman zuen argitara eta nabarmentzen zuen Euskadik politika indartsuak dituela teknologia eta berrikuntza bultzatzeko, eta berrikuntza herrialdearen misio edo eginkizun gisa bizi dela. Alderdi hau berau azpimarratzen zuen berriro duela urtebete baino gehixeago ELGE/OCDEk, bere txosten batean Innobasque proposatzen zuelarik berrikuntza-agentziaren eredu baliozko eta eraginkor gisa.
Kanpotik zer inporta dezakegu gai honetan?
Duela gutxi Medellinen izan naiz, 2013an munduko hiririk berritzaileena izendatuan, eta han berrikuntza kalean bizi da, arnastu egiten da. Berrikuntzaren alde egiteko estrategia hau aukeratu dute hiriaren jarrera gisa, eta eraldatzeko erronkatzat hartu dute. Guk ere geure eraldaketa bizi dugu, eta puntu honetan bat etorri gara, hortik ikas dezakegu batzuek besteengandik.
7. Sendotze-fase betean dagoelarik, zer erronka gainditu ditu Innobasquek 2015ean?
Innobasqueren sendotze-urtea izan da, eta bertan gure bigarren zikloa amaitu dugu berrikuntza-politikak bultzatuz, eta zenbait berrikuntza-proiektu garatu ditugu lankidetzan, adibidez, Herritarren Parte Hartzearen Liburu Zuria, ZTb Planaren hedapena, edo bazkideen rola indartu dugu, besteak beste, Global Innovation Day-n ikusi zen bezala. Edizio honetan jauzi kualitatiboa eman dugu eragin eta parte-hartzeari dagokionez. Euskal berrikuntzaren ezinbesteko hitzordua da, gure bazkideekin lankidetzan diseinatu eta gauzaturiko proiektua izanik. Baita ere beraiekin eta Innobasque sarea osatzen duen komunitatearekin, entzute aktiboko prozesu bizia burutu dugu, eta horren ondorioak hasi dugun ziklo berriaren diseinuan sartuko ditugu.
Eta zein dira ziklo honen helburuak?
Laster Zuzendaritza Batzordea berrituko dugu, eta hirugarren ziklorako lan-plan berria garatuko dugu hiru erronkarekin. Lehenik, gure rola sendotzea zientzia, teknologia eta berrikuntza-politiken laguntza estrategiko gisa, eta Berrikuntzaren Euskal Sistema bultzatzeko, monitorizatzeko eta ebaluatzeko tresna gisa. Bigarren, Innobasqueren balioa optimizatzea, Euskadiko berrikuntzaren zerbitzura dagoen lankidetza publiko-pribatuaren eragile gisa. Eta hirugarren, gure bazkide-oinarria gehitu, dibertsifikatu eta indartzea.