ETEak dira Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) hedapenaren hirugarren fase honen ardatza, hor jasotzen delarik Espezializazio Estrategia Adimenduna. Estrategia honek 7 arlo handi identifikatu ditu: fabrikazio aurreratua, energia, biozientziak/osasuna, elikadura, sorkuntza-industriak, ekosistemak eta hiri-habitata, datozen urteotan Euskadiko jarduera-eragileak izango direnak. Plana datozen asteotan zabalduko da enpresen artean, herri nagusietan egingo diren jardunaldi eta mintegien programa baten bidez; programa hori Innobasquek antolatua da, Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta toki-garapeneko agentziekin elkarlanean.
Jardunaldi hauen bidez, eremu bakoitzak garatzeko duen ahalmena ezagutuko dute ETEek. Horretarako, topaketetan etorkizuneko joerak aurkeztuko dira, dagoeneko joera hauekin bat datozen enpresa-adibideak, eta ETEetara zuzenduriko tresnak. Saio hauetako lehenengoa gaur goizean izan da Lea Artibai Garapen Agentzia-Azaro Fundazioarekin lankidetzan. Bertan ekosistemen espezializazio-eremuko berrikuntza-gakoak azaldu dira, sorturiko tresnak eta ETEen jardunbide egokiak arlo honetan.
Euskadi 2020 ZTB Plana, Euskadiren etorkizunaren eragilea
“Ongizatea, enplegua eta ekonomiaren garapen iraunkorra dira Euskadi 2020 ZTB Planaren helburuak. Horretarako, espezializazio-eremuetan irekitzen diren aukera berriak ezagutu behar dituzte ETEek”, azaldu du Carlos Peñak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren aholkulariak.
‘Euskadi 2020’ Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak euskal gizartearen ongizatea, ekonomiaren hazkunde iraunkorra eta enplegua hobetzea bilatzen du, eta hori ikerketa eta berrikuntza politikaren bidez, espezializazio adimendunean eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako sistemaren eraginkortasunaren hobekuntzan oinarritua. Bere esparruan identifikatu diren zazpi gai-arloak Euskadiko Espezializazio Estrategia Adimendunaren parte dira, euskal enpresa- eta teknologia-gaitasunak, baita aukera handieneko inguruneak ere, aztertu ondoren sortuak.
Euskadi 2020 ZTB Planaren hedapenaren lehen fasean, 2014ko abenduan onarturikoan, zazpi talde eragile (pilotatze-talde deiturikoak) sortu ziren estrategiaren hedapena bultzatzeko. Horietako bakoitzean herri-administrazioak, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko zientzia- eta teknologia-eragileak, eta enpresak, klusterrak eta gizarte-eragileak daude.
2015ean, taldeek lehentasunezko arloak eta teknologiak aukeratzera bideratu zuten beren lana, eta proiekturik esanguratsuenak identifikatzera. 2016an bigarren fasea hasi zen adituen parte-hartzearekin, ekinbideak eta proiektu estrategikoak identifikatu zituzten. Une honetan, hirugarren fasea elkarlaneko trakzio-proiektu berriak identifikatzen ari da, eta aurrerapenak eta emaitzak ETEei jakinarazten, beraiek onura atera ahal izan dezaten herrialde-estrategia honetatik.