Euskadin ETEentzako zerga-kenketak lortzeko tresnak daude teknologia garbien arloan. Horietako bat Teknologia Garbien Euskal Zerrenda da, %30eko zerga-kenketa suposa dezakeena. Hori gogorarazi da gaur “ETEentzako Zerga-kenketak teknologia garbietan” jardunaldian; Ihobek antolatu du, eta bertan parte-hartzaile izan dira Gasteizko Udala, Ormazabal, TTT Taldea, EAEko Zerga Ekonomista Aholkularien Erregistroak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, Ikerlan IK4, Ingeinnova Clean Tech eta Innobasque.
Teknologia Garbien Euskal Zerrenda zerga-tresna bat da ingurumen-errendimendu hobea duten ekipamenduen erosketa bultzatzeko. Zerrendan sartzeko ekipamenduek eskura egon behar dute merkatuan, antzeko beste ekipamendu batzuek baino ingurumen-portaera hobea izan, euskal merkatuan %40ko sarrera baino txikiagoa, 2.000 eta 500.000 euro arteko kostua, eta 5 urtekoa baino amortizazio handiagoa. Enpresa bat gehienez 200.000 euroko kenketara irits daiteke guztira.
Teknologia Garbien Euskal Zerrenda duela 10 urte jarri arren martxan, euskal enpresen %80k ez daki dagoenik ere. Teknologia garbietan eta ingurumen-teknologietan dauden zerga-kenketak bere gaitasunaren azpitik erabiltzen dira Euskadin; beraz, gaur goizean Bilbon egindako jardunaldian zera aztertu da: nola ustiatu epe laburrera zerrendaren aukera fabrikatzaile eta erabiltzaileen aldetik.