2021eko ekainaren 10eko erreportajea
EBk lehenengo aldiz programa espezifiko batean erakutsi du digitalizazioa eskala handian ezartzeko asmoa, bere ekonomiaren eraldaketa digitala bizkortzeko xedearekin..
Europar Batasunak 2024ra arte dituen lehentasunak lortzeko europar politikei buruzko erreportaje multzo hau irakurtzen ari bazara, ziurrenik dagoeneko jakingo duzu digitalizazioa EBren helburu estrategikoetako bat dela. Hala da berez, enplegua eta aberastasuna sortzeko nitxo gisa duen ahalmen izugarriagatik, baina baita Europar Batasunak datozen urteetarako ezarritako beste bi helburuak (klima‑neutraltasuna eta erresilientzia) lortzeko funtsezko tresna delako ere. Izan ere, dagoeneko hitz egin dugu Europako Batzordeak subiranotasun digitala eskuratzeko dituen planei eta lehentasunei buruz, gero eta irekiago eta konektatuagoa dagoen mundu batean. Gaur berriz ere helduko diogu Batzordeak abangoardiako teknologiei berariaz eskainitako lehenengo programari (Europa Digitala programa), orain dela egun batzuk aurkeztu zuena.
Esan dugun moduan, Europak lehenengo aldiz erakutsi du bere ekonomiaren eraldaketa digitala bizkortzeko teknologia aurreratuenak eskala handian txertatzeko intentzioa, baina baita gizartearen eraldaketa bizkortzekoa ere; izan ere, horren sustapenak herritar guztien onura ekarri beharko du, eta administrazio publikoen funtzionamendua hobetu beharko du.
Programak Horizon Europe osatzen du, esparru-programak teknologia berrien esparruko ikerketa finantzatuko duelako. Gainera, Europa Digitalak ikerketa horretatik sortutako berrikuntzen enpresa- eta gizarte-ezarpena sustatuko du. Horretarako, urte honetatik 2027ra 7.800 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, eta diru hori batik bat bost funtsezko esparrutan txertatutako proiektuak finantzatzeko erabiliko da.
Zer finantzatuko du Europa Digitala programak?
Bost esparru horiek bat datoz gaur egun aurreratuentzat jotzen diren teknologiekin, eta bakoitzak bere aurrekontu-partida izango du:
– Superkonputazioa. EBk datuen ekonomia sustatu nahi du; horregatik, 2.200 milioi euroko aurrekontua erabili du prozesamendu-ahalmenak garatzeko eta indartzeko. Horretarako, superkonputadore-sare bat sortu du, segundoko 1.018 eragiketa hamartar baino gehiago prozesatu ahal dituztenak. Horri esker, superkonputazioa interes publikoko esparru guztietan erabili ahalko da, osasunetik eta ingurumenaren zaintzatik segurtasunera, ETE-en garapen industrialetik igarota. Partida ekonomiko hori EuroHPCk kudeatuko du, dagoeneko aipatu genuen lankideetako bat (hemen).
– Adimen artifiziala. Programak 2.100 milioi bideratuko ditu adimen artifizialaren erabilera zabaltzeko EBko enpresa eta administrazio publiko guztientzat. Horrek benetako datu-gune europarra sortzea dakar, sarbide errazekoa, segurua eta energetikoki eraginkorra. Programaren zati hau adimen artifiziala eragin handiena duen esparruetan probatzen eta esperimentatzen oinarrituko da, hala nola fabrikazioan, osasunean, nekazaritzan, elikaduran, hiri adimendunetan eta mugikortasunean.
– Zibersegurtasuna. Beste 1.600 milioi EBn zabaldu diren teknologia berrien erabiltzaileen multzoari segurtasuna emango dieten tresnak garatzeko erabiliko dira. Lehentasuna emango zaio enpresen eskumenak indartzeari eta herrialdeen arteko koordinazioari. Horrela, sare bat sortuko da Europan zehar banatutako eta Bukaresten egongo den European Cybersecurity Competence Centre berriarekin lotutako erreferentzia-zentroekin.
– Konpetentzia digital aurreratuak. Batzordeak 580 milioi erreserbatuko ditu beste aurrekontu-partidetan adierazitako arloetan talentua eta hausnarketa prestatzeko programak emateko. EBk unibertsitateekin lan egingo du teknologia digitalei buruzko masterrak ateratzeko eta enpresek prestakuntza-ikastaroak egiten dituztela ziurtatuko du.
– Ekonomian eta gizartean abangoardiako teknologiak erabiltzen laguntzea. EBk berrikuntza horiek interes publikoko eremu guztietara iristea nahi du, eta, horregatik, 1.100 milioi euro bideratuko ditu enpresa txiki eta ertainentzat inpaktu handikotzat jotzen diren tresnak zabaltzen laguntzera, osasuna hobetzera, Itun Berdea betetzera edo europar kultura eta balioak sustatzera. Aurrekontu-partida horrek berrikuntza digitaleko Europako zentroen sarea (Digital Innovation Hubs) eraikitzeko eta indartzeko ere balioko du. Zentro horietako bat Euskadin dago, eta Europako Batzordeak duela gutxi aitortu du gure digitalizazio-politikaren adibide gisa.
Programa hainbat urtetako lan-programen bidez egingo da, jarduketa-esparru bat edo batzuk hartuko dituztenak. Horrek estatu kideen finantzaketa ekarriko du, eta, beharrezkoa denean, sektore pribatuarena. Finantzaketa-ehunekoa eta parte hartzeko baldintzak eta deialdiak lan-programetan ezarriko dira, eta horien berri eman dizuegu buletin honetan.