2021eko martxoaren 11ko erreportajea
96.500 milioi euroko errekor-zuzkidurarekin, Horizon Europek Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortu nahi ditu, eta ikerketa eta berrikuntza enpresa guztietara eraman.
Bere negozioaren egunerokotasunaz kezkatzen den ekintzaile bati arrotzak egingo zaizkio Europako ikerketa- eta berrikuntza-politikak (I+B) eta haien partida ekonomikoak. Ez zaio axola EBk esparru-programa berri bat (Horizon Europe izenekoa) abiaraztea eta hark 95.500 milioi euroko errekor-zuzkidura izatea, pentsa baitezake funts horiek soilik garapen sofistikatutan aritzen diren korporazio edo ikerketa-zentro handiek eskuratu ditzaketela. Baina ez da horrela. Hain zuzen, Europar Batasunak mota horretako ekimenak abian jartzean duen asmoa aurkakoa da; ahalik eta kapilaritate handiena lortzea ikerketarako eta berrikuntzarako eta horietatik ateratako ezagutza ekintzailetza eta lehiakortasun bihurtzea. Beste modu batera esanda, enpresa guztiak, handiak edo txikiak, I+B horren protagonista bihurtzea, eta, beraz, Europako etorkizuneko ongizateko partaide.
Beraz, aurkeztu berri den Horizon Europe esparru-programa eta Euskadiko enpresei eskaintzen dizkien aukerak azaltzerakoan, teoria apur bat jakin behar da. Teoria horrek testuinguruan jartzen lagunduko digu.
Zertarako balio dute esparru-programek?
1983az geroztik, Europak esparru-programen bidez gauzatzen ditu I+B politikak. Horien bidez zehazten du zein sektore, teknologia, garapen edo zerbitzu diren ondoen lerrokatzen direnak EBren helburu sozial eta ekonomikoekin, denbora-tarte zehatz batean. Hau da, erabaki baino lehen zein ikerketa eta berrikuntza babestuko diren eta zein tresna edo zenbateko zehatzekin, aztertzen da zeinek egingo dituzten ekarpen handienak aurretik zehaztutako helburu estrategiko batzuk lortzeko.
Orain aurkezten duguna bederatzigarren esparru-programa da, eta indarrean egongo da 2027ra arte. Eta zein helburu estrategikok lagundu behar dute haren bidez sustatuko diren ikerketa eta berrikuntzak lortzen? Eta nola justifikatzen dute helburu horiek orain arteko programa handinahiena abian jartzea?
Horizon Europe esparru-programaren zuzkidura ekonomikoa bere aurrekoarena (Horizon 2020) baino % 30 handiagoa da, eta I+B arloko inbertsio handiena da, ez soilik Europan, baizik eta mundu osoan; horrek bizi dugun une erabakigarria azaltzen du. Ez soilik premiazkoenagatik (pandemiaren ondorioak gainditzeko beharra, ekonomia berriro aktibatuz eta antzeko krisietan erresilienteagoak izaten lagunduko diguten tresnak diseinatuz), baita beste erronka batzuek aurrean hartu behar den jarreragatik ere. Erronka horiek dira, besteak beste, NBEren 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuetan jasotakoak. “Orain edo inoiz” esateko unea da, eta horrela egin behar zaio aurre iraultza digitalari eta beste potentzia batzuen lehia teknologikoari, krisi klimatikoari eta ekonomikoaren deskarbonizazioari, baliabide naturalen urritasunari, energia-mendekotasunari, aldaketa demografikoei, gizarte-inklusioari, pandemia berriak jasateko arriskuari eta osasun publikoan dituen eraginei…
Beraz, esparru-programa berriak barne hartzen duen 2021-2027 aldirako, Europaren xedea da erresilienteagoa, iraunkorragoa, osasuntsuagoa, lehiakorragoa, berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta aitzindariagoa izatea I+B arloan. Zein ez dator bat desira horrekin?
Nori dago zuzenduta esparru-programa hau?
Edozein enpresak daki ez dagoela etorkizunik lehiakortasunik gabe, eta hori gaur egun oso lotuta dago iraunkortasunarekin eta digitalizazioarekin. Horrek ez du esan nahi proiektu guztiak sar daitezkeenik esparru-programaren deialdi tematikoren batean (noski, faktore gehiago baloratzen dira eta lehiakide gehiago daude), baina lehen topagunea da; hori da Horizon Europek zenbat motatako ekimenak gauzatzen lagundu ahal dizun ezagutzeko interesa erakusteko arrazoietako bat. Gauza bera gertatzen da unibertsitateekin, zentro teknologikoekin, irabazi-asmorik gabeko elkarteekin, etab. Aipatutako helburuekin bat datorren ekimenen bat agertzen bada, ez da alde batera utzi behar Europako laguntza bat lortzeko aukera. Batzuetan, horiek itzuli beharrik gabe ematen dira, oso-osorik estaltzen dute proiektuaren aurrekontua, eta, teknologia disruptibo batean oinarritutako negozio-eredu bat bada, ETEan kapitala sartzea eragin dezakete.
Beraz, Horizon Europe aintzat hartzeko aukera gisa ikusi behar da. Lehenik eta behin, ulertu behar delako zer den berritzea, eta aintzat hartu behar da ezinbesteko prozesua dela edozein enpresarentzat, nahiz eta haren jarduera apala izan. Pentsa dezagun haren lehen helburua errentagarria izatea dela, eta errentagarritasun hori mantentzeko edo handitzeko abian jartzen den edozein ekimen dagoeneko berrikuntza bat dela.
Bigarrenik, nahiz eta proiektu batzuk bakarrik sor daitezkeen, ezingo dira abian jarri bazkide estrategikorik gabe. Finantzaketa beharko dute, baita ikertzaileak (bai unibertsitatekoak bai zentro teknologikotakoak) eta hornitzaileak ere, eta baliteke halakorik ez izatea inguruan, baina bai Europako merkatuan. Hori dela eta, esparru-programen helburuetako bat da lankidetza sustatzea, bereziki nazioartekoa.
Hirugarrenik, laguntza jaso dezakegu dirulaguntza horiek izapidetzeko edo proiektu bat aurrera ateratzeko bazkide egokienak bilatzeko. Horretan aritzen da, adibidez, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, zeinak, bere bazkideei irekita dauden laguntza-deialdi guztiak jakinarazteaz gain, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dituen eta nazioarteko bazkideen bilaketan parte hartzen duen.
Nola egituratuta dago Horizon Europe esparru-programa?
Zehazki, esparru-programa honekin EBk helburu zehatzak jartzen ditu mahai gainean; besteak beste, hiru milioi pertsonari minbizia gainditzen laguntzea edo ehun hirik neutraltasun klimatikoa lortzea. Helburu zehatz horiek funtsezko helburu estrategikoz osatutako sareko icebergaren punta dira. Programa eta tresna zehatz horiek indartu beharko ditu Europako Ikerketa Esparruak, eta sarea hiru zutabetan egituratuta dago.
Lehen zutabea bikaintasun zientifikoa bilatzea eta Europa zientziako mundu-mailako aitzindari gisa finkatzea da. Horretarako, zenbait erakunde eta tresnaren laguntza izango du. Horren adibide dira, besteak beste, Europako Ikerketa Batzordea, zeinak bekak ematen dizkien munduko edozein goi-mailako ikertzaileei; Marie Skłodowska-Curie ekintzak, zeinak aukera ematen baitiete ikertzaileei nazioartean mugitzeko; eta Europar Batasunarentzat funtsezkoak diren ikerketa-azpiegiturak sortzea eta hobeto erabiltzea.
Bigarren zutabea ikerketa eta berrikuntzaren aplikazioan oinarritzen da, NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuetan planteatutako mundu-mailako erronkei aurre egiteko eta Europako enpresen gaitasun teknologiko eta industrialak indartzeko. Sei klusterrek osatzen dute, eta honako alor hauetako erronka globalak jorratzen dituzte: osasuna; kultura, sormena eta gizarte inklusiboa; gizartearentzako segurtasun zibila; mundu digitala, industria eta espazioa; klima, energia eta mugikortasuna; eta elikadura, bioekonomia, baliabide naturalak, nekazaritza eta ingurumena.
Hirugarren zutabea Europa berritzailea finkatzea da, Europako Berrikuntza Batzordeari esker; haren bitartez, EB merkatuak sortuko dituen berrikuntzaren aitzindari bihurtu nahi da. Horrez gain, berrikuntza-ekosistemak ere sortu nahi dira, eta, azkenik, Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuak (IET) enpresen integrazioa, ikerketa, goi-mailako hezkuntza eta ekintzailetza sustatuko ditu.
Iturria: Europar Batzordea
Egitura nagusi horretatik EBk sustatutako beste ekimen batzuk atera dira, herrialde eta eskualdeen finantzaketa-politika eta -programak hobetu koordinatzeko, besteak beste ERA-NET ekimenak, non Euskadi bereziki aktiboa izan den azken hamarkadan. ERA-NET deialdiek garapen-alor zehatzak jorratzen dituzte (adibidez, materialak edo fabrikazio aurreratua), eta, Euskadiren kasuan, Hazitek programaren bidez kudeatzen dira.
Hasieran adierazi dugun moduan, sare horrek konplexua dirudi, eta badirudi ez duela loturarik enpresari txiki askok euren egunerokotasunean dituzten kezkekin; hala ere, garrantzitsua da jakitea zein erakundek banatuko dituzten partida ekonomikoak, eta zein izango diren euren lehentasunak une bakoitzean, esparru-programak iraungo dituen zazpi urteetan zehar. Hori guztia jorratuko dugu astero buletin honetan; espero dugu lagungarria izatea ulertzeko zer dagoen berrikuntza- eta ikerketa-politiken atzean, eta, batez ere, Europako I+B programak beste modu batean ikustera animatzea. Hazteko aukera ona izan daitezke eta merezi du horiek aztertzea.