Basque Center on Cognition, Brain and Languageko Juan Eugenio Iglesias-ek eta Basque Centre for Climate Changeko (BC3) Elena Ojea-k Starting Grants ERC beka bana jaso dute, Europako Ikerketa Kontseiluak emanda. Iglesias-ek bereizmen handiko neuroirudi-azterketak egiteko belaunaldi berriko konputazio-tresnak egiteko duen proiekturako jaso du finantzaketa. Bestalde, Ojeak klima-aldaketaren eraginetara itsas ingurunea egokitzeko egitasmoa gauzatuko du. Starting Grants ERC bekek Europan goren mailako ikertzaileen belaunaldi berri bat bultzatzen laguntzen dute.
Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingeleseko siglen arabera) hastapenetako bekak eman dizkiete 291 gazte ikertzaileri. Guztira, 429 milioi euro (batez beste, 1,5 milioi euro beka bakoitzeko) profesional hauek gai izan daitezen beren lantaldea sortzeko eta honela beren ideia apurtzaileak gauzatzeko. Bekak Europako ikerketa eta berrikuntza programa den Horizon(te) 2020-ko “Zientzia Bikaina” zutabearen parte dira.
Carlos Moedas, Ikerketa, Zientzia eta Berrikuntzarako europar mandatariak, aitortu du: “Gure ikertzailerik talentudun edo burutsuenak Europan atxiki behar ditugu eta, aldi berean, mundu osoko ikertzaileen ikuspegi berri eta askotarikoak erakarri. Ideiarik onenetako asko hemen bertan garatuko direla ziurtatzen dute beka hauek, ikertzaile eta zientzialariei beren karrerak eta anbizioak gure kontinentean garatzeko askatasuna eta ziurtasuna emanez”.
Beka berrietan gai asko sartzen dira, adibidez, arreta gabe utzitako gaixotasun tropikalak, diplomazia nola eraldatzen den hedabide berrien presio pean, loaren azterketak, kromosoma edo nola sortu ziren elementu astunak. Hor sartzen diren jakintza-arloak zientzia fisikoak, biziaren zientziak, ingeniaritza, soziologia, humanitateak eta abar dira.
Hautaturiko zientzialariek beren lantaldeak sortzea ahalbidetzen dute beka hauek, eta beraz 1.000 postdok eta doktoretzako ikasle konprometitzea espero da.<0} Starting Grants ERC bekak edozein nazionalitatetako ikertzaileentzat dira, doktoretza lortu zutenetik 2 eta 7 urte arteko esperientzia eta zientzia-ibilaldi oparoa baldin badituzte. Finantzaketa (1,5 milioi eurorainokoa) 5 urteko eperako ematen da.