Europak premiaz konponbide berritzaileak behar ditu koronabirusaren pandemia geldiarazi eta arintzeko, baita pazienteei, bizirik atera direnei, talde kalteberei, lehen lerroko osasun-langileei eta haien komunitateei ematen zaien arreta hobetzeko ere. Hori dela eta, Europako Batzordeak beste 122 milioi euro mobilizatu ditu bere Horizon(te) 2020 ikerketa eta berrikuntzarako programatik, COVID-19ari buruzko premiazko ikerketarako. Proposamenak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 11n amaituko da. Deialdiaren ardatza emaitzak azkar lortzea izango da; izan ere, Batzordeak ikerketa-lanak ahalik eta lasterren hastea nahi du, eta, horretarako, epe laburragoak ezarri ditu interes-adierazpenak prestatzeko eta horiek ebaluatzeko.

Koronabirusaren krisiari mundu-mailan erantzuteko dagoeneko martxan dagoen 1.400 milioi euroko konpromisoari gehitu behar zaio deialdi hau. Neurri honek diagnostikoak, tratamenduak eta txertoak garatzeko aurreko ekintzak osatzen ditu, fabrikazio-gaitasuna indartuz eta premiazko beharrei azkar erantzuteko konponbideak aplikatuz. Era berean, epidemiak portaeran eta gizarte eta ekonomian dituen ondorioak hobeto ulertzen lagunduko du.

Deialdi honen esparruan finantzatutako proiektuek fabrikazioa birbideratu beharko dute, koronabirusa detektatu, tratatu eta prebenitzeko beharrezkoak diren hornidura eta ekipamendu medikoak azkar ekoizteko, baita teknologia medikoak eta tresna digitalak garatu ere, pazienteen diagnostikoa, jarraipena eta zaintza hobetzeko. Ikerketa berriak Europa osoko paziente talde (kohorte) handitan oinarrituko dira. Epidemiak portaeran eta gizarte eta ekonomian dituen ondorioak hobeto ulertzeak tratamendu- eta prebentzio-estrategiak hobetzen lagundu lezake.

Beharrezkoa da konponbide berriak guztiontzat egotea eskura eta erabilgarri, koronabirusaren krisiari eman beharreko erantzun globalaren printzipioen arabera. Horretarako, Batzordeak datuak azkar trukatzeko klausulak sartuko ditu deialdi berri honetatik eratorritako dirulaguntza-hitzarmenetan, aurkikuntzak eta emaitzak berehala aplikatuko direla ziurtatzeko.

Deialdi berriak bost esparru hartuko ditu, honako aurrekontu adierazgarri hauekin:

  1. Funtsezko hornikuntza eta ekipamendu medikoen fabrikazioa birbideratzea (23 milioi euro).
  2. Jarraipena eta zaintza hobetzeko teknologia medikoak, tresna digitalak eta adimen artifizialaren bidezko analisiak, heldutasun teknologikoko maila handiekin (56 milioi euro).
  3. Agerraldiari emandako erantzunen portaera-, gizarte- eta ekonomia-ondorioak (20 milioi euro).
  4. COVID-19ko kohorte paneuroparrak (20 milioi euro).
  5. COVID-19arekin lotuta dauden Europako eta nazioarteko kohorteen azterketen arteko lankidetza (3 milioi euro).

Oro har, kohorteen azterketetan banako talde handiak ikusten dira, eta arrisku-faktore jakin batzuekiko horien esposizioa erregistratzen da, gaixotasunaren balizko kausei buruzko aztarnak aurkitzeko. Azterketa prospektiboak izan daitezke, eta datuak bildu, pazienteen denboran zeharreko jarraipena egin ahala; edo kohorteen atzera begirako azterketak, aurrez bildutako datuak aztertzen dituztenak.

Gaur arratsaldean, 16:30ean, webinar informatzaile bat izango da deialdi berriari buruz.

Horizon(te) 2020 programarako eskabidea egiteko, klik egin hemen.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago