Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak 2023ko Europako eskualdeen berrikuntza-rankingean Euskadik izan duen bilakaeraren eta egoeraren berri eman du. Europako Batzordeak argitaratu berri duen “Regional Innovation Scoreboard (RIS) 2023” txostenean jasotzen denez, Euskadi “berrikuntza handiko” Europako eskualdeen artean dago, 2016tik bere errendimendu berritzailea % 11,5 hazi ondoren.
EBko batez bestekoarekin alderatuta, berrikuntzako errendimenduaren hobekuntza oso nabarmena da, % 103,6tik % 109,8ra. Ondorioz, 93. posiziotik 72. postura igo da Europako 239 eskualde berritzaileetan. Informazio publikoa duten adierazle guztien hobekuntza orokorrari esker izan da hori.
“Regional Innovation Scoreboard” delakoak Europako eskualdeko berrikuntza-sistemen jarduna neurtzen du, eta arlo horretako nazioarteko erreferentzia nagusitzat jotzen da.
Eskualde gehienak berrikuntza-kategoria berarekin edo dagokien estatukoaren azpitik katalogatzen dira. Euskadi berrikuntza handiko eskualdea da, berrikuntza moderatuko estatu kategorizatu batean. Horregatik, Europako Batzordeak Euskadi “bikaintasun-gunetzat” (pocket of excellence) jotzen du. Hau da eskualde gutxi batzuen kasua: Pragako eskualdea Txekian; Trentoko probintzia autonomoa, Friul-Venezia Julia edo Emilia-Romagna Italian; edo Budapest eskualdea Hungarian.
Euskadiren jarduera berritzaileak Europar Batasuneko batez bestekoa baino ia % 10 handiagoa da (+% 9,8). Halaber, Estatuko batez bestekoaren oso gainetik dago (+% 23), gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta.
Indargune nagusiak berrikuntzak produktu berrien salmentan duen inpaktuan eta gazteen kualifikazio altuan datza. Diseinu komunitarioetan berrikuntza babestearekin lotutako erronkak batzuk ere aurkezten dira.
Berrikuntza handia berrikuntza ertaineko estatu batean
Txostenak azaltzen duenez, berrikuntza handiko eskualdeak berrikuntza handiko herrialdeetan aurkitu ohi dira. Hala ere, berrikuntza moderatuko herrialdeetan kokatutako “bikaintasun-polo” batzuk ere aurki daitezke, hala nola Euskadi Espainiako Estatuaren barruan.
Euskadi da ranking horretan hobekien kokatuta dagoen estatuko Autonomia Erkidegoa, eta Madril, Katalunia eta Nafarroa bezalako erreferentziazko beste eskualde batzuen gainetik dago, “berrikuntza handiko eskualde” gisa katalogatuak daudenak. Gainera, edizio honetan puntuazioa hobetu du bigarren eskualdearekiko, Madrilgo Erkidegoa, alegia. Zehazki, 2021ean bere puntuazioa Madrilgoa baino ehuneko 2,6 puntu handiagoa zen, eta edizio honetan alde hori ehuneko 3,2 puntura handitu da.
Ia herrialde guztietan eskualderik berritzaileena herrialdeko hiriburua da. Hala ere, Euskadi salbuespena da, Madrilgo Erkidegoa baino berrikuntza-maila handiagoa baitu. Kasu hau oso egoera gutxitan gertatzen da, adibidez, lehen aipatutako Italiako eskualdeekin, Alemaniako Bavaria Garaiarekin edo Belgikako Flandesekin.
Esteka honetan, Berrikuntzaren Euskal Agentziak Euskadik ranking horretan izan duen bilakaerari eta egoerari buruzko azterketa egiten du. Eta gure I+G+Bko datuen webgunean euskal berrikuntzaren egoerari buruzko informazio eguneratua aurkituko duzu.