Euskadi I+Gn egiten duen inbertsioa berreskuratzen ari da, krisi aurretik geneukanaz bestelako jokalekuan. Hauxe da 2018ko Berrikuntzaren Innobasque Txostenaren ondorio nagusia; Txostena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren diagnostiko konparatiboa da, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planak Innobasqueri ematen dion ebaluazio eta monitorizazio funtzioan sartzen dena. Bi urtean behin egiten den txostenaren bigarren edizioak eragile publiko eta pribatuak gonbidatzen ditu hausnarketara eta erabakiak hartzera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema hobetzeko ekintzak bultzatuz ikuspegi partekatu batetik.

Berrikuntzaren Innobasque Txostenak adierazten duenez, enpresa eta herri-administrazioen ahalegin eutsiari esker, Euskadi gaur egin berrikuntza handiko europar eskualde bat da, Europa hegoaldean kalifikazio hau duen bakanetako bat. 2008an, bere gastu-maila I+Gn BPGri buruz Europakoarekin parekatzea lortu zuen, eta 2009-2012 denboraldian gainditu egin zuen. Handik aurrera eta krisiaren ondorio gisa, gastu-maila hori urrundu egin zen Europako batez bestekotik, eta % 1,82koa izan zen, EB28koa % 2,03 zen bitartean. 2016an, ordea, joera-aldaketa izan zen eta I+Gn egindako gastua % 1,4 hazi zen termino absolutuetan

Txostenak erakusten du hobekuntzarako alderdi nagusia ETEetan egin beharreko berrikuntza dela, bai teknologikoa eta bai beste negozio-alderdi batzuei loturikoa, adibidez, marketinari edo antolakuntzari. Alderdi honek, gainera, Innobasqueren Plan Estrategikoa gaurkotzea eragin du.

Honela, ondorioztatu da Euskadi berreskuratzen ari dela I+Gn egiten ziren inbertsio-mailak, eta hori ondorioztatu da ikusita aipaturiko gehikuntza, ekonomiaren egoera ona eta Basque Innovation Perception-eko (BIP) aditu-panelak 2018an sumaturiko baikortasuna. BIP pertzepzio-inkesta bat da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako 250 profesional baino gehiagoko panel bati zuzendua, guztiak Innobasqueko erakunde bazkideetakoak. Analisi horrek analisi kualitatiboa ematen du, estatistika-datuak osatzen dituena.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago