Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, gaur goizean, Donostian, honako jardunaldi hau inauguratu du: “Euskal enpresei Horizonte Europan parte hartzen laguntzeko estrategia”. Eusko Jaurlaritzak, SPRIk, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta EEN Basque Enterprise Europe Network-ek antolatu dute. Berrehun enpresa bertaratu dira. Ekitaldiaren bidez, Euskadiko erakundeek berrikuntza eta I+G jarduerak finantzatzeko Europako programetan duten parte-hartzearen ekarpenaren eta inpaktuaren balioa nabarmendu da. EAE izan da aurreko Horizon 2020 programatik itzulera gehien jaso duen Europako bederatzigarren eskualdea (sailkapenean 240 izan dira); ia 77.000 milioi euro jaso ditu, hazkuntza ekonomikoa eta enplegua sortzea sustatzeko, Europako zientzia bikaina sortzeko, industria-lidergoa sustatzeko eta Europar Batasunaren gizarte-erronkei irtenbidea emateko.
Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, EAEko erakundeek Horizon 2020programan izan duten parte-hartzearen emaitza arrakastatsuak aurkeztu ditu. Harekin batera, hiru enpresa izan dira, haien esperientzia eta ikaskuntzen berri ematen: AVS Added Value Industrial Engineering Solutions, Etxe-Tar eta Walter Pack. Bilbaok esan duenez, EAEk Horizon 2020 programako 869 milioi euro lortu zituen, eta, hala, % 84an hobetu zituen aurreko programan lortutako emaitzak, eta hasierako 805 milioi euroko helburu handia gainditu zuen. Zifra hori Horizon 2020 programako aurrekontu osoaren % 1,3 da. Ekimenetan parte hartu duten EAEko 409 erakundeetako % 56 ETEak direla nabarmendu behar da.
Tapiak honako hau esan du: “datuek erakusten dute Horizon 2020 programa tresna bikaina izan zela EAEko berrikuntza-ekosistema sendotzeko; hura bikaintasun-polo gisa definitu da Europako Batzordearen Berrikuntzako Eskualde Panelean”.
Horizon 2020 programan EAEk izandako parte-hartzeari buruzko datu guztiak hemen daude: “https://innobasque.thinkonmarketing.es/uploads/attachment_files/informe-participacion-h2020-eusk-626ba459e6264.pdf; Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak prestatzen du txostena. Lanak erakusten du EAEk berrikuntzako eta I+Gko 1.492 proiektutarako finantzaketa lortu zuela, Horizon 2020 funtsekin, aurreko programan baino % 51 gehiago.
Honela banatzen dira finantzatutako proiektuak:
- 555 proiektuk Europa 2020 Estrategian zehaztutako erronka nagusiei erantzuten diete eta garraioaren, energiaren eta klima-aldaketaren eta ingurumenaren erronketan espezializatu da EAE.
- 542k nagusiki honako hauen inguruko teknologiak garatzea bultzatzen dute: fabrikazioa eta prozesu aurreratuak, nanoteknologiak eta Espezializazio Adimentsurako RIS3 Euskal Estrategian aurreikusten diren EAEko lehentasunezko eremuetan aplikatu beharreko material aurreratuak.
- 286k oinarrizko ikerketaren garapenerako eta gure ikertzaileen prestakuntzarako bide ematen dute.
Jardunaldian, era berean, Horizonte Europa ikerketako eta berrikuntzako Europako programa berriak 95.500 milioi euroko zuzkidurarekin (sekula izan den handiena) EAEko enpresei nola lagun diezaiekeen azaldu da. Horri buruz eztabaidatu da mahai-inguruan eta honako hauek parte hartu dute: Beñat Bilbao Europako Batzordeko DG RTDko unitateburu ondokoak; Juanan Arrieta Idekoko I+Gko nazioarteko proiektu/programen arduradunak; Alberto Fernández Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, eta Cristina Oyón SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariak. Azken horrek, EAEko erakundeen esku jarri ditu EEN Enterprise Europe Network-eko nodoak eskaintzen dituen zerbitzuak, kontuan hartuta hura ETEen berrikuntzarako eta nazioartekotzeko munduko sare handiena dela. EAEko nodoko partaide dira Spri, merkataritza-ganberak, Beaz, Euskadiko Nazioartekotze Agentzia eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia.
Ekitaldiko hitzaldi nagusia Carlos Morais Europako Batzordeko Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako Europako komisarioaren kabineteko kidearena; megajoerei eta eraldaketa globalei eta Horizon Europe-k erronka horiei aurre egiteko egiten duen ekarpenari buruzko bideokonferentzia batean mintzatu da. Azkenik, Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak jardunaldia itxi du.
Ekitaldi osoa esteka honetan ikus daiteke: Youtube.
“Euskadiren partaidetza HORIZON 2020an” txostena esteka honetan dago: https://innobasque.thinkonmarketing.es/uploads/attachment_files/informe-participacion-h2020-eusk-626ba459e6264.pdf
“Euskal I+G+b-ren estrategia Europan (2021-2030)” hemen kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/contenidos/proyecto/estrategia_i_mas_d_mas_i_vasca/eu_def/adjuntos/EIGb2030.pdf.