Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2020 Planeko (ZTBP 2020) berrikuntzarako eta I+Grako laguntza‑programek 1.776 milioi euro mobilizatu zituzten 2015etik 2020ra bitartean. Hala jasotzen da Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) egindako “ZTBP Euskadi 2020. 2020 policy mix tresnak” txostenean, zeinak I+G+b publikoaren eta pribatuaren inbertsioari laguntzeko tresnen konbinazioa eta horien eragina aztertzen baititu.
1.776 milioi euro horien % 41,5 (736 milioi euro) gaitasun zientifiko-teknologikoak sortzeko tresnetara bideratu zen, % 28,1 (500 milioi euro) gaikuntza teknologikora eta enpresen I+G sustatzera, eta % 12,4 (219 milioi euro) enpresa‑berrikuntzako ekosistemaren babesera. Gaitasunak bateratzeko eta lankidetzan I+G sustatzeko laguntzek 185 milioi euro ekarri zituzten, guztizkoaren % 10,4, eta zientzia‑, teknologia‑ eta enpresa‑talentua kudeatzeko eta sustatzeko laguntzek 132 milioi euro, hots, inbertitutako kopuruaren % 7,4.
2020an, ZTBP 2020ren azken urtean, programek 333 milioi euroko laguntzak mobilizatu zituzten, 2015ean (planaren lehen urtea) baino % 36 gehiago. Programa‑kopurua ere handitu da: 2020an 72 programa aktibatu ziren, eta 2015ean, berriz, 59. Tresna horien espezializazio‑maila ere nabarmentzekoa da; izan ere, % 67 RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Estrategian zehaztutako eremu estrategikoetan berrikuntza eta I+G sustatzera bideratuta zeuden: fabrikazio aurreratua, energia, biozientziak-osasuna, elikadura, ekosistemak, hiri‑habitata eta kultura‑ eta sormen‑industriak.
2020rako laguntzetara bideratutako 333 milioietatik % 89 Eusko Jaurlaritzak jarri zituen, eta ahalegin handiena Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak hartu zuen bere gain, kopuru horren % 64 jarri baitzuen; Hezkuntza Sailak, berriz, % 23 jarri zuen, eta gainerako % 1 Osasun Sailak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek laguntza horien % 11 jarri zuten.