Euskadik oso emaitza onak lortu ditu ikerketa eta berrikuntzako nazioarteko proiektuetan parte hartzearen ondorioz, Europako Horizon(te) 2020 programak finantzatuta. 2014 eta 2015ean, guztira 176 euskal erakundek hartu dute parte 326 proiektutan eta 232,14 milioi euroko finantzaketa lortu dute. Emaitza hauek %5 handiagoak dira denboraldi honetarako ezarritako helburuak, Euskal I+G+b-ren Europako Koaderno Estrategikoan jasoak, baino. Proiektu horietako %38k euskal erakunde bat dute lider, datu esanguratsua, oso proiektu konplexuak baitira, EB barruko eta kanpoko hainbat herrialdetako erakunde asko direlarik tartean. Gainera, arrakasta-tasa ─hau da, finantzaturiko proiektu kopurua aurkezturiko proiektu kopuruaren aldean─ %15ekoa baino handixeagoa izan da, Europako batez besteko %12,2koaren edo Espainiako batez besteko %12,6koaren gainetik.
Euskal erakundeen parte-hartzea duten proiektu gehienak Europak datozen urteetan aurrean izango dituen gizarte-erronka nagusiak konpontzera zuzenduta daude, garraio iraunkor edo energia garbiak bezalako arloetan nabarmendu direlarik. Halaber, asko dira fabrikazio aurreratuan edo informazio- eta komunikazio-teknologietan funtsezkoak diren teknologiak garatzera zuzendutako proiektuak. Lorturiko finantzaketaren %77 Espezializazio Adimenduneko Estrategian (RIS3) ezarritako lehentasun estrategikoetan biltzen da (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (PCTI2020) jasoak, eta %13 aukera-eremuetan (ekosistemak, hiri-habitata, elikadura, kultura- eta sorkuntza-industriak).
Euskal enpresen parte-hartzea honelako proiektuetan indartu egin da bi urte hauetan, lehen aldiz gaindituz euskal teknologia-zentro eta Ikerketa Kooperatiboko Zentro (CIC) guztiek lorturiko finantzaketa. Guztira 128 euskal enpresa izan dira, horietako 85 ETEak, eta 105,89 milioi euroko finantzaketa lortu dute guztira. Azpimarratzekoa da 26 ETE berritzaileren jokaera ona, ETE Tresnaren bidez laguntza lortu baitute beren negozio-planak heltzeko eta beren produktuak lehenbailehen nazioarteko merkatuetara eramateko.
Bestalde, teknologia-zentroek eta CICek osaturiko multzoak 88,01 milioi euro lortu ditu, eta unibertsitateen eta Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroen (BERC) parte-hartzea nabarmen hazi da aurreko urteetakoaren aldean, 27 milioi euro lortu baitituzte. Nabarmentzekoa da euskal enpresen eta Zientziaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza honelako proiektuetan, elkarrekin parte hartu baitute funtsezko teknologia garatzearekin (II. Euskarria) eta gizarte-erronkekin (III. Euskarria) erlazionaturiko bost proiektu bakoitzeko batean.
Estatuan, Horizon(te) 2020 programaren bidez lorturiko finantzaketa osoa 1.100,8 milioi eurokoa izan da. Finantzaketa horren %70 Katalunian (%28), Madrilen (%24) eta Euskadin (%17,5) bildu da. Euskadi lider izan da estatuan garraio iraunkorra edo nanozientziak, material aurreratuak, bioteknologia eta fabrikazio aurreratua (NMBP) arloetan; bigarren tokian dago energia garbietan, eta hirugarren tokian klima-aldaketan. Espainia Europako finantzaketa handiena lortu duen laugarren herrialdea da, Alemania, Erresuma Batu eta Frantziaren atzetik.
Parte-hartzeari buruzko datu hauen xehetasunak Innobasquek argitaraturiko txostenean ikus daitezke hemen.