Energia sektoreak Euskadin 343 enpresa ditu espezializazio-maila handikoak, 46.800 milioi euro inguruan fakturatzen dituzte, eta horietatik 15.000 Euskadin sortzen dira, eta hemen 21.000 ari dira lanean guztira enplegatzen dituen 63.400 langileetatik. Industria honek 240 milioi euro inbertitzen ditu I+G-n eta 2.400 ikertzaile enplegatzen ditu. Energia, fabrikazio aurreratu eta biozientziak/osasunarekin batera, RIS3 espezializazio adimendunaren euskal estrategiaren hiru lehentasunetako bat da, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean jasoa: balio erantsi handiko arloetan sakontzen du, hazkundea eta enplegua eragiteko produktu eta zerbitzu berriak sortuz.
“Innobasqueren Asteartea: energia adimenduna, Euskadirako espezializazio-estrategia” jardunaldia Innobasquek antolatu zuen, Idom eta Energiaren Klusterrarekin lankidetzan, eta bertan parte hartu zutenak hauek izan ziren: Aitor Oregi, Eusko Jaurlaritzako Energia, Meagintza eta Industria Administrazioko zuzendaria; José Ignacio Hormaeche, Energiaren Klusterreko zuzendaria eta Energia pilotatze-taldeko lehendakaria; Imanol Urkiaga, Thermal Power Generation Division Idomeko zuzendaria; Eduardo Navarro, Bidelek Sareak proiektuaren koordinatzailea Iberdrolan; Nerea Cabeza, Gamesako saiakuntza-ataleko burua; Jose Luis Villate, Tecnaliako Marine Energy arloko zuzendaria; eta Alberto Bokos, Innobasqueko Elkarlaneko Berrikuntza zuzendaria.
Hormaetxek Energibasque-Euskadirako energia-estrategiaren pilotatze-taldearen aurrerapenen berri eman zuen. Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen talde honetakoak dira enpresak (Energiaren Klusterrak ordezkatuak), herri-erakundeak (Eusko Jaurlaritza, EVE/EEE eta SPRI) eta zientzia- eta teknologia-eragileak (CIC energiGUNE, Tecnalia eta IK4), SPRIk eta Innobasquek koordinaturiko idazkaritza teknikoaren laguntzaz. EnergiBasque teknologia-estrategiak Euskadi Europan erreferentziazko eskualde izatea bilatzen du energian duen teknologia- eta industria-garapenaren mailagatik. Horretarako, bi teknologia bideratzaile identifikatu dira (metatzea eta potentzia-elektronika) eta zazpi arlo estrategiko (sare adimendunak, energia eolikoa, itsas energia, eguzki-energia termoelektrikoa, oil & gas eta trakzio elektrikoa). EnergiBasquek sinergiak identifikatu ditu hiru balio-kate berritan, horietan bildu eta bat etorrarazteko berrikuntza-ahaleginak: offshore energia, sare adimendunak eta energia-eraginkortasuna, negozio-aukera berriak eskaintzen baitituzte hazteko ahalmena duten merkatuetan. Arlo hauetan Euskadik gaitasun garrantzitsuak ditu eta negozio-aukera berriak sortzeko modua du hazteko ahalmena duten merkatuetan.
Energiaren Klusterra – Energibasque from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia
Jardunaldian hiru ekimen estrategiko aurkeztu dira EnergiBasqueren parte direnak: Bidelek Sareak, Windbox zentroa eta Harshlab. Hirurak elkarlaneko jarduerak dira, sektorean jauzi diferentziala esan nahi dute, eta eragin garrantzitsua dute erakunde askoren onurarako.
Honela, Bidelek Sareak mugarri bat da energiaren banaketaren modernizazioan, sare elektriko adimendunen bidez. Ekinbide honek abangoardiako sare hauen hedapena ahalbidetu du Euskadin, eta horri esker euskal industriak gidatzen du honelako teknologien garapena. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak bultzatuta, 2011 eta 2016 artean 400.000 kontagailu adimendun baino gehiago jarri dira, 2.300 eraldaketa-zentro hainbat automatizazio-maila eta aplikazio eta kontrol-sistema ugarirekin, eta 60 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Iberdrola – Bidelek Sareak from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia
Bestalde, Windbox saiakuntza aurreratuen zentroa da azpisistema eolikoak integratu eta baliozkotzeko, eta bertan enpresek garapen berriak probatu eta baliozkotu ditzakete ingurune erreal bateko ekoizpen- eta eragiketa-egoeren antzekoetan. Fabrikazio aurreratuko zentro hau teknologikoki punta-puntakoa den eskaintza baten garapena bultzatzeko sortu da balio-katearen segmentu batzuetan, eta segmentu horietan euskal enpresak ongi kokaturik daude, haize-sorgailuaren osagai eta ekipamenduei dagokienez; horrek produktu eta zerbitzuen egungo zorroa tamaina handiagoko haize-sorgailuetara egokitzen eta offshore segmentua garatzen laguntzen du.
Windbox – Haize-sektoreko Fabrikazio Aurreratuko Zentroa from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia
Azkenik, HarshLabek azpiegitura berezi baten diseinua eta eraikuntza planteatzen ditu, mundu-mailan paregabea, bertan materialen, osagaien eta azpisistemen esperimentazio eta baliozkotze-saiakuntzak egiteko itsas ingurune errealean, offshore inguruneetan. Dagoeneko badaude 20 enpresa instalazio honetan beren produktuak saiatzen ari direnak, eta horietako 12 Euskaditik kanpokoak dira. Honela, Harshlab-ek offshore saiakuntzak egiteko premia asetzen du, aldi berean I+G+b-ko negozioa eta jarduera erakarriko dituelarik Euskadira.
HarshLab – Offshore energia-instalazioetarako produktuen saiakuntza eta baliozkotze plataforma from Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia