Euskadik eutsi egiten dio hazkunde-erritmoari, eta, 2012ko azken datu ofizialen arabera, euskal enpresen inbertsio teknologikoa hazi egin da Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2,12 izateraino. Euskal Autonomia Erkidegoak hirukoiztu egin ditu EBko hazkunde-erritmoak eta kontinenteko batez bestekoa gainditu du, hau %2,02koa baita. Gainera, gehitu egin du Espainiarekiko duen aldea, honek atzera egin baitu BPGren %1,3raino.
Kontinentea erritmo apalagoetan mugitzen da
Europako iparraldeko herrialdeak liderrak dira %3,5 inguruko ratioekin, eta ondoren Alemania eta Austria datoz, %3 baino gutxixeagorekin. Euskadi bigarren taldera hurbildu da, non Frantzia baita herrialde nagusia, %2,29rekin.
Oro har, herrialde handietan I+G arloko gastua Euskadin baino gutxiago hazi da, non 2008. urtetik inbertsioa 0,25 gehitu baita BPGri buruz.
Kenkariak berrikuntza egiteagatik
Ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak bultzatzeko ahaleginean, jardunbide hauek 2016. urtetik aurrera kuota osoaren kenkaria izango dutela iragarri du Espainiako Gobernuak. Honela agertzen da Sozietateen gaineko Zergaren lege-proiektuan; abuztuaren 1ean onartu zen eta irailetik aurrera bideratuko da Kongresuan 2015eko urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko helburuarekin.
Arau honek %25eko kenkaria ezartzen du I+G proiektuetarako egindako gastuetatik, hauek neurri honen zergaldiaren aurreko bi urteetan egindakoen batez bestekoa baino handiagoak direnean.
Enpresei dagokienez, negozio-zifraren %10 baino kopuru handiagoak erabiltzen dituztenak ‘sarituko’ ditu Gobernuak. Hori betetzen badute, konpainiek 3 milioi eurotik 5 milioira igo ahal izango dute kenkariaren zenbateko monetizagarria. Testuan, Gobernuak berrikuntza teknologikoaren kontzeptuari, animazio eta bideojokoekin loturiko hasierako erakustaldiko (pilotua) proiektu-jarduerak erantsi dizkio.
Euskadik 805 milioi euro lortu nahi ditu H2020 programatik
Ekainean aurkeztu zen Euskal I+G+b Europan, 2014-2020 Koaderno Estrategikoa. Bertan Euskadiren posizioa definitzen da Horizon(te) 2020 programaren erronken aurrean, eta hor parte hartzeko helburuak markatzen ditu; Horizon(te) 2020 Europako Batasunaren esparru-programa berria da Europan ikerketa, garapena eta berrikuntza finantzatzeko, ia 80.000 milioi euroz hornitua. Euskadiren erronka Europako I+G+b-ko 2.100 proiektutan parte hartzea da, eta 805 milioi euroko finantzaketa lortzea Horizon(te) 2020 programatik.
Europako programetan parte hartzeak eragin zuzena du enpresen fakturazioan, langile kopuruaren finkatze eta hazkundean, baita nazioarteko kokapenean ere. “Euskal I+G+b Europan, 2014-2020 Koaderno Estrategikoa” delakoan agertzen denez, I+G+b finantzatzeko Europako Batzordearen VII. Esparru Programan parte hartu zuten enpresen %42k gehitu egin du bere langile kopurua, bere europar proiektuen emaitzen ustiapenari esker. Gehienek ia %2 gehitu zituzten langileak beren erakundeetan. Horietatik, erdiek finkatu egin zuten enplegua beren I+G+b sailetan, eta guztien artean beste 252 lanpostu sortu dituzte azken 7 urteetan.