ORE4citizens euskal emakume zientzialariek bultzatutako aliantza bat da. 60 ikertzailek eta 15 euskal erakundek baino gehiagok bat egin dute harekin, zientzia herritarrengana hurbiltzeko, klima-aldaketak euskal kostaldean dituen ondorioak ezagutarazteko eta itsasoko energia berriztagarriek berotze globalaren aurkako borrokan duten funtsezko eginkizunaren berri emateko. Ekimen horren bidez, gainera, nabarmendu nahi dute euskal industria lider dela sektore horretan mundu zabalean, eta aukera bikaina eskaintzen duela gizartearentzat eta planetarentzat.
TECNALIAk, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Euskampus Fundazioak eta Basque Center for Applied Mathematicsek (BCAM) zuzendu dute ekimena, eta Europar Batasunak finantzatzen du, ikerketa eta berrikuntzako Horizon Europe programaren barruan. Era berean, sektoreko hainbat erakunde ditu laguntzaile, hala nola Arrecife Energy Systems, BIMEP, Energiaren Klusterra, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza, Iberdrola, Idom, Nautilus, Saitec, Sener, Siemens Gamesa, Bilboko Portua, Ocean Energy Europe eta WindEurope.
Ekimen horrek zenbait jarduera aurreikusten ditu datozen bi urteetan Euskadiko udalerrietan, herritarrekin eta ikastetxeekin orpoz orpo. Jarduera horien artean, nabarmentzekoa da OREgaua: irailaren 27 arratsaldean, Portugaleteko Euskal Herriko Unibertsitatearen Nautika Itsasgunean (Bilboko Ingeniaritza Eskola), zuzeneko musika-emanaldiak, jolasak, hitzaldiak eta esperimentuak izango dira adin guztietako publikoarentzat.
Era berean, ikastetxeentzako programazio bat ere antolatu dute: OREskolak. Saio horietan, ikertzaileek ikasgeletara eramango dute zientzia: hitzaldiak eta jarduera esperimentalak antolatzeaz gainera, bisitak ere izango dira itsasoko energiak aprobetxatzeko soluzio teknologikoak garatzen dituzten laborategi eta instalazioetara.
Itsasoko energia berriztagarriak Euskadin
Klima-aldaketak erronka nabarmenak ditu euskal kostalderako, bai ingurumenaren gaineko inpaktu fisikoak, bai kostaldeko komunitateen gaineko inpaktu sozioekonomikoak. Garrantzitsua da aldaketa horietara egokitzeko neurriak hartzea eta klima-aldaketak kostaldean dituen ondorioak arintzea. Itsasoko energia berriztagarriak garatzeak eta hedatzeak lagundu egiten du arintze horretan. Hori horrela, trantsizio energetikorako gakoetako bat da maila globalean epe ertain eta luzerako, haren sorkuntza-potentziala dela eta. Aldi berean, energia-mota hori aukera industrial, ekonomiko eta soziala da Euskadirako, eta bateragarria da itsas ingurunea babestearekin.
Sektore erabakigarria da Europar Batasunean deskarbonizazio-helburuak betetzeko. Aurreikuspenen arabera, boskoiztu egingo du tamaina 2030erako, eta 2050erako, berriz, 25 aldiz handiagoa izango da. Gaur egun, SAITEC, Nautilus, Arrecife eta beste zenbait talde buru-belarri ari dira teknologia berriak garatzen, ekonomikoki bideragarriak eta energetikoki efizienteak izan daitezen mundu osoan. Proiektu horietako batzuk ekimenaren webgunean ikus daitezke, eta bertatik bertara bisitatu ahalko dira hemendik gutxira hainbat herritan abiaraziko den argazki-erakusketa ibiltarian.