Gaur hasiko da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta ESADE nazioarteko negozio eskol sortutako kudeaketa estrategikorako lehen programa, euskal zentro zientifiko eta teknologikoetako arduradun administratibo zein zientifikoen trebetasun estrategikoak eta lidergo-trebetasunak hobetzeko.
Erakunde Zientifiko eta Teknologikoen Kudeaketa Estrategikorako Programak bederatzi saio ditu, eta gaur goizean eman diote hasiera, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiaren ongietorri labur baten ondoren. Bertan, parte-hartzaileen artean industria, osasuna, klima-aldaketa, matematika edo fisika bezalako arlo eta diziplinekin lotutako eragileen ordezkariak daudela nabarmendu du.
Lau hilabetetan zehar, bertaratutakoek prestakuntza jasoko dute ESADEko adituen eskutik, gai hauei buruz: pandemiaren ondorioz ingurune geopolitikoan sortutako aldaketak; pentsamendu estrategikoaren gakoak; informazio finantzarioa nola interpretatu eta eguneratu estrategietan txertatzeko; talentu ikertzailearen kudeaketaren oinarriak eta errendimendu handiko taldeen lidergoa; komunikazioari, negoziazioari konplexutasun handiko testuinguruetan eta eragin-kudeaketari aurre egiteko modua; berrikuntza zientifiko eta teknologikoko eta berrikuntza irekiko ekosistemen garrantzia; eta transferentzia teknologikoa eta ikerketek gizartean eragin ukigarriak sortzeko modua.