Naturak armaduraz hornitu ditu bizidun asko beren habitat-etan babestu daitezen. Adibidez, koralek, moluskuek eta artropodoek exoeskeletoa dute, estali eta ingurunetik babesten dituena.
Giza adimenak ere gizabanakoen bizi-kalitatea hobetzea bilatzen du. Bilakaera honek ahalbidetu du gaur egun exoeskeleto robotikoak erabili ahal izatea, gorputzari itsatsiak, jendearen mugitzeko eta kargatzeko gaitasuna hobetu eta areagotzen dutenak.
Tokion, Hanedako aireportuan, ekipajea garraiatzeko arduradun guztiek exoeskeletoa erabiltzen dute, abiadura jakin batean pakete astunen karga jasateko bereziki diseinatua. Baina ez dira bakarrak, Sumitomo Mitsui banku-korporazioak 8 exoeskeleto alokatu ditu diru pila handiak, eskudirutan, leku batetik bestera mugitzeko zereginean enplegatu zaharrenei laguntzeko.
Konpainia asko ari dira exoeskeletoen fabrikazioan lanean. Panasonic-en, sorbaldan finkatzen den sei kiloko jantziak erabiltzailearen karga-gaitasuna 15 kilo inguru gehitzen du; Audi automobilgintzako erraldoi alemana Noonee izeneko enpresa baten gailu eramangarria ari da probatzen, eta horrek euskarri lunbarra ematen die makurtzeko mugimendua sarri errepikatu behar duten langileei.
Hala ere, exoeskeletoak ez dira bakarrik langileei pisu astunak jasotzen laguntzeko, baita ere lagungarriak izango dira osasunaren eta gizarte-ongizatearen eremuan.
Joan zen uztailean aurkeztu zen ReWalk-en azken bertsioa, orno-muineko lesioak dituztenentzako exoeskeletorik aurreratuena oraingoz. Amig Goffer israeldar medikuak sortua da, eta 1997tik proiektu honetan lanean aritu da, zirkulazioko istripu batek gurpildun aulkian utzi zuenetik.
Ez daukagu hain urrutira joan beharrik ezaugarri hauek dituen gailu mekaniko bat bilatzeko. Espainian, Elena Garcíak, CSICeko ikertzaile eta Marsi Bionics-en bazkide sortzaileak, haur tetraplegikoentzat munduan dagoen lehen exoeskeletoa garatu zuen. Duela bi urte, prototipoak kontzeptu-proba igaro zuen 9 urteko neskatila tetraplegiko batekin.
Exoeskeletoak produktu medikoak dira eta, beraz, produktu hauei dagozkien segurtasun, arrisku eta bateragarritasun elektromagnetikoko araudia bete behar dute. Horregatik, Marsi Bionics-en martxako exoeskeleto bionikoak finantzaketa bilatzen du crowdfunding kanpainaren bidez. Dagoeneko lortu dituzte 200.000€, eta 300.000 lortu nahi dituzte gailua ziurtatu eta merkaturatzen hasi ahal izateko.
Has gaitezen, beraz, etorkizuneko bizimodua irudikatzen, hemen dago-eta.