Felix Goñi duela 64 urte jaio zen Donostian. Ikerketa zalea, betidanik zientzia, bereziki biologia, izan du bere grina. Grina horrek maila gorenera eraman du, poz handiak eta sari ugari ekarri dizkiolarik bere ikerketa-lanengatik, ezagupen garrantzitsuak eman baitizkigu HIES, tuberkulosi edo Alzheimerraren inguruan.

 EHUn Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna da, farmaziako Errege Akademia Nazionaleko kidea, 2002 Euskadi Ikerkuntza Saria, Euskalerriaren Adiskideen Errege Elkarteko adiskide numerarioa, Cordobako (Argentina) Unibertsitate Nazionaleko ohorezko irakaslea, eta Bizkaitar Argia. Medikuntzan eta Kirurgian doktorea, Londresko Royal Free Hospitalen egin zuen doktoratu ondokoa eta berehala sartu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Goñik 6 liburu eta 305 artikulu argitaratu ditu, eta hitzaldi ugari eman ditu nazioarteko biltzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean Zientzia Politikako zuzendari ere izan zen.

Baina Goñi baritonoa ere bada, gourmet ezaguna, su artifizialen lehiaketetan epaimahaikoa, eta gazteengan irmo sinesten duen pertsona. Bizitzan zehar, Goñik grina horiek guztiak agertu ditu bere hitzaldi ugaritan.

Azaroaren 2an Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen hasierako hitzaldia emango du Bilboko Euskalduna jauregian, eta bere grinen atzean dagoen zientzia azalduko du. Berekin batera izango ditu agertokian ezagun zahar eta berriak.

Josean Alija, Nerua jatetxeko chefa (Michelin izar bat) eta Goñi eta emaztearen adiskidea, esneari buruzko ikerketa egin zuelarik berauekin. Zergatikoa azalduko dute.

Musikari buruz  ere emango dira azalpenak. Eta su artifizialen magiaz, donostiarra izan baitzen Bilboko Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren bultzatzaileetako bat. Suen argiak, koloreak, hotsak eta erritmoak (berriro musikak) inspiratu egiten dute.  Izaskun Astondoak, Astondoa Pirotekniako gerenteak, azalduko du zer dagoen horren atzean.

Eta “ilargi-eri” batzuk, ia Ilargira iritsi diren 16 urteko gazteak, izango dira Goñiren inguruan. Lauro Ikastolako ikasle talde bat da, hauek ere zientziaren nondik norakoek liluratuak; Googlek antolaturiko nazioarteko lehiaketara aurkeztu ziren gure satelitean robot-misioak simulatzeko, eta munduko finaleraino iritsi ziren. Beren esperientzia eta lorpenen berri emango dute.

Ekitaldiari hasiera Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio, eta bukaera Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak. Beraiekin batera izango dira Innobasqueko presidentea, Alberto Garcia Erauzkin, eta Jakiundeko lehendakaria, Jesus M. Ugalde.

 

Zeremonia-maisu, horretan benetako maisu dena, Iñaki Lopez kazetari getxotarra.

Bertaratzeko, aurrez izena eman behar da hemen.

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago