Euskadiko gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko Euskadiko erreferentziazko FIRST LEGO League Euskadi ekimenak errekorra hautsi du 15. edizioan parte hartu duten ikastetxeen kopuruan. 12 prestakuntza-saioak (5 online tailer eta 7 bisita) teknologiaren eta sormenaren ingurukoak izan dira. Enpresa, museo, antzoki, unibertsitate eta ikerketa-zentroetako profesionalek beren lanen errealitatea hurbildu diete Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei. Guztira, 2.259 ikaslek eta 39 ikastetxek parte hartu dute aurtengo programan; hau da, % 77ko hazkundea izan da, iaz parte hartu zuten ikastetxeekin (22) alderatuta.
Eskuratutako ezagutzak inspirazio gisa balio du FIRST LEGO League Euskadin parte hartzen dutenek, datozen asteetan, egoitza anitzeko txapelketako finalean aurkeztuko dituzten berrikuntza-proiektuak garatzeko (finala martxoaren 2an egingo da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen).
Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) antolatutako eta Estatuan bakarra den prestakuntza-programa honetako tailer eta bisitetan honako hauek hartu dute parte: Basque BioDesign Center, Bexreal, BC Materials, Gasteizko Santa Maria Katedrala, ElektrART, Arte Ederren Bilboko Museoa, Mondragon Unibertsitatea, Tabakalera, Arriaga Antzokia, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU eta Virtualware. Saioei esker, gazteek ikasi ahal izan dute, besteak beste, Arte Ederren Museoak nola antolatzen duen erakusketa bat, nola jartzen den abian produkzio bat Arriaga Antzokian, edo nolakoa izan den Santa Maria Katedralaren bilakaera (Gasteizko errealitate birtualeko betaurreko batzuen bidez). Tabakalerako “Jakintzen bidegurutzean” erakusketaren parte diren eta Euskadiko ikerketa zientifiko eta teknologikoko zentroekin elkarlanean aritzen diren artisten piezak ere ezagutu dituzte; eta errealitate birtualeko betaurrekoekin bidaia bat egin dute Goierri Eskolako areto sentsorizatu batean, Mondragon Unibertsitatearen eskutik.
15. FIRST LEGO League Euskadi
FIRST LEGO League Euskadi 6 eta 16 urte bitarteko Euskadiko ikasleen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa pizten duen hezkuntza-programa da. Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) antolatzen du, Deustuko Unibertsitatearekin (Bilboko eta Donostiako campusak), Mondragon Unibertsitatearekin (Arrasateko campusa) eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin (Arabako campusa) batera.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek laguntzen dute. Erakunde horiek guztiek honako konpromiso hau partekatzen dute: ikasleek karrera zientifiko-teknologikoekiko eta horiei lotutako trebetasunekiko (berrikuntza, esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, talde-lana edo sormena) duten interesa piztea. FLL Euskadi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasleen prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzeko duen STEAM Euskadi Estrategiaren parte da.