Derioko Vizcaya Ikastetxeko (Bizkaia), Getxoko Santísima Trinidad Ikastetxeko (Bizkaia) eta Oñatiko Institutuko (Gipuzkoa) 11 eta 16 urte bitarteko 115 ikaslek Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) olatuen indarretik energia sortzeko planta bisitatu dute Mutrikun (Gipuzkoa). Parte-hartzaileek Kantauri itsasoak olatuen indarretik (4 metro izatera irits daitezke) abiatuta energia elektrikoa sortzeko duen potentziala ezagutu dute. 

Irakaskuntza-saioa Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eman du. Halaber, jarduera Euskadin STEAM hezkuntzaren arloan erreferente den FIRST LEGO League Euskadi prestakuntza-programaren parte da. Programa Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, gazteek zientzian eta teknologian duten interesa sustatzeko xedez. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi estrategiaren parte da. 

FIRST LEGO League prestakuntza-programa estatu mailan arlo horretako programa bakarra da, eta aurten ekimenean parte hartuko duten gazteei proposatutako erronkarekin lotuta dago: energia jasangarriaren etorkizuna berrasmatzea. 2.200 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte EAEko 15 enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko eta instituziok emandako online tailerretan eta bisitetan, Euskadiko energia jasangarriaren eremuan lan egiten duten ikasleek ikertzaile, zientzialari eta teknologoen lana ezagutzeko. 

Olatuen plantak zuzeneko lotura du aurtengo erronkarekin, eta inspirazio-iturri garrantzitsua da ikasleek martxoaren 4ean FIRST LEGO League Euskadiren hamalaugarren edizioaren finalean aurkeztuko dituzten berrikuntza proiektuak sortzeko. Finalak Bilbon, Donostian eta Arrasaten egingo dira.

 Olatuen energia

Olatuen edo uhinen energia haizeak itsasoaren gainazalean duen eraginaren ondorioz sortzen da. Kantauri itsasoan haizeak hiru metroko olatuak sortzen ditu, eta, hortaz, potentzial Energetikoa garrantzitsua da.

Mutrikuko olatuen energia probatzeko eta sortzeko planta 2011ko uztailean inauguratu zen, eta energia produzitzeko instalazio paregabea da mundu mailan. Plantak ur-zutabe oszilatzaileen erabiltzen du energia elektrikoa sortzeko, eta zutabeak olatuaren indarra erabiltzen du energia sortzen duen turbina mugitzeko. Plantak 16 turbina ditu eta 296 kW-ko potentzia instalatua dauka guztira, hau da, 100 familiaren kontsumoa asetzeko energia nahikoa. Energia produzitzeaz gain, plantak aukera paregabea eskaintzen du aire-turbinen kontzeptu berriak, kontrol-estrategiak eta ekipamendu osagarria probatzeko.

Zutabe oszilatzailearen teknologiari esker, olatua iristen denean, ura kameran sartzen da eta barruko airea konprimatzen du, eta presioz ateratzen da goiko zulotik. Ateratzerakoan turbina bultzatzen du, eta hark, aldi berean, energia elektrikoa sortzen duen alternadorea birarazten du. Olatua erretiratzen denean, airea zurrupatzen du zulo beretik eta berriz bultzatzen du turbina, energia elektrikoa sortuz berriro ere.

2050an klima-neutraltasuna lortu nahi badugu, egungo energia produzitzeko modeloarentzako alternatiba bihurtuko den energia berriztagarria sortzeko iturriak bilatu behar ditugu; izan ere, egungo modeloa bereziki berriztagarriak ez diren iturriak ditu oinarri, hala nola ikatza edo energia nuklearra. Itsas energien sektorea fase goiztiarrean dago, eta oraindik ez dago energia-iturri horren erabilera eraginkorra eta fidagarria egiteko gailurik; hortaz, Mutrikuko ekimena ezinbestekoa da teknologia horren garapena bultzatzeko.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago