Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, HaurEkin Sareak udalerrien sarea sustatuko du, toki bizitzan haur eta nerabeen parte hartzea bultzatzeko. Sarea Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak sortu du eta orain Familia eta Haurren Zuzendaritzak kudeatzen du; gaur egun, autonomia-erkidegoan 16 udalerrik parte hartzen dute. Honako hauek dira: Amorebieta-Etxano, Arrasate, Bakio, Balmaseda, Bilbao, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gatika, Larrabetzu, Leioa, Sopuerta, Tolosa eta Zumaia. Guztira 251 euskal udalerrietatik 16 dira eta 770.000 biztanle inguru dituzte: Euskadiko biztanleriaren ia herena. Autonomia-erkidegoan 0 eta 14 urte bitarteko 302.000 adinez txikiko daude eta biztanleriaren % 14 dira. HaurEkin proiektuak tokiko politikan haurren ikuspegia txertatzearen aldeko apustua egiten du.

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, “HaurEkinen proposamena da gure harremanak, baliabideak eta espazio komunak eraldatzea; gure herri eta hirietan konfiantza eta autonomia, partaidetza‑ eta osasun‑baldintzak berrezarriz. Haurrak gure gizartearen eta gure herriaren oraina eta etorkizun hurbila dira. HaurEkinek ateak irekitzen dizkie urrats sozial berri eta handi horiek egin nahi dituzten euskal udalerriei. Gure lana haur eta nerabeekin parte‑hartzeko prozesuak abian jartzeko udalerriei laguntza teknikoa ematea da, baita lan‑taldeak eta prestakuntza‑ekimenak sustatzeko ere. Esperientziak koordinatzeko eta trukatzeko aldizkako saioak, kongresuak eta jardunaldiak antolatuko ditugu, jardunbide egokiak partekatzeko”.

Gotzon Bernaola Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako koordinatzaile orokorrak honako hau gogoratu du: “2016an, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako kide ziren udalei erronka bat proposatu genien: gure herri eta hiriak ikasteko komunitate gisa eratzea, haurren laguntzarekin gure harreman‑ereduak eta gure kaleak eraldatuz. Izan ere, haurtzaroak begirada disruptiboa ematen zigula uste genuen, haurrak ezarritakoa zalantzan jartzeko gai direlako: berritzaileak dira, oraindik ez dutelako ikasi (helduok egin dugun moduan) zein den erantzun zuzena, zer espero duten besteek gugandik, zein den ezarritako erantzuna”. Bernaolak Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari haurrekin lan‑ekimen horren aldeko apustua egin izana eskertu dio; izan ere, “bereganatu egin dute, zabaltzeko eta hazteko xedearekin. Berrikuntza‑agentzia gisa, gure funtzioaren zati bat ekimen berritzaileak proposatzea eta inkubatzea delako, gerora horien lider izateko eta gora egiteko (kasu honetan Gobernuak), beste batzuekin batu daitezen eta garatzeko beharrezko duten bultzada politikoaz hornitzeko”.

EUDELeko Batzorde Eragileko kide eta Erandioko alkate Aitziber Olibaekn honako hau esan du bere parte‑hartzean: “garrantzitsua da haurren eskubideak sustatzen eta babesten dituzten udalerri gehiago batzea, haurren “begirada” gurea egiteko. Ildo horretan, beharrezkoa da haur eta gazteentzako politika publikoak sustatzea, etorkizuneko gizartearen erronkei erantzuteko. Oso sare interesgarria da daukan balio sozial eta komunitarioagatik. EUDELek hori osatzen duten udalen laguntza azpimarratzen du, baita haurrek parte hartzeko proiektu‑pilotu gisa batzen ari diren horiena ere”.

 Erronka berriak

Donostiako Tabakalerako instalazioetan toki‑eremuko ordezkari instituzionalak eta teknikoak elkartu dira. Gainera, bi sare egon dira: Gaztematika, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua eta Oinherri, Herrihezitzaileak. 

HaurEkin, Euskadiko haurren Hiri Sarea, Fransesco Tonucciren La citta dei bambini (Haurren hiria) proiektuari lotutako ekimena da; haurraren parametrotik hiria eraldatzeko proiektu politikoa da eta leloa honako hau da: Begirada aldatzea edo begirada haur baten altuerara jaistea, inor bistatik ez galtzeko. Francesco Tonucci irakasleak Haurrekin lan egitea, guztiok hazteko ideia adierazi du. “Umeen kontseilua: herria eraikitzeko beste begirada bat” izan da Urretxuko Udaleko Maialen Fidalgo zinegotziak eta Josune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara eta hezkuntza teknikariak eztabaidatutako gaia.

Tonucciren proposamena da bide hori hiru ekintza zehatzen bidez hastea: udalerri bakoitzean Umeen Kontseilua sortzea alkatearen eta haur‑taldearen artean komunikatzeko; Eskolara lagunekin proiektua martxan jartzea, edo baterako espazio publikoan haurrekin bizikidetzan jardutea; eta jolasarekin eta kalean jolastearekin lotutako proiektuak hastea, jolasak osasuna hobetzen baitu eta haurren eskubidea baita.

Haurren parte hartzea Kontseiluaz gain izan da Iban Rodríguez Etxebarria Leioako alkatearen eta Esther Apraiz Derioko alkatearen proposamena. Ermuko eta Durangoko langile teknikoek “Kaleak jolastuz: autonomia, espazioa eta jolasa” gaia landu dute.

Goizalde Atxutegik (Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia) eta Eneko Galletebeitiak (Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzako teknikaria) sareari atxikitzeko xehetasunak eman dizkiote ekitaldian parte hartu duten zinegotzi eta alkateen taldeari.

Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren zuzendariak sarera atxikitzeko prozesua azaldu du eta Gotzon Bernaola Innobasqueko Enpresa Berrikuntzako Koordinatzaile Nagusiarekin batera jardunaldiari amaiera eman dio. “HaurEkin Sarea Innobasquek duela sei urte Herri Laborategiarekin elkarlanean sustatutako proiektua da, tokiko administrazio publikoetan berrikuntza politikoko prozesuak sustatu eta laguntzeko. Orain, Eusko Jaurlaritzako Haurren eta Familien Zuzendaritzak koordinatzen du, eta udalerrien atxikimendua sustatu nahi dugu”.

 Ekintza zehatzak

Irune Muguruzak zehaztu duenez, “proposamena bi ekintza zehatzen bidez hastea da: udalerri bakoitzean Haurren Kontseilu bat sortzea, edo alkatearen eta haur-talde baten arteko komunikazioa eta Eskolara lagunekin proiektua abian jartzea edo baterako espazio publikoan haurrekin bizikidetzan jardutea”.

“Innobasquek EAEko udalerriei laguntzarako eta elkarlaneko ikaskuntzarako prozesua proposatzen die, La Citta dei Bambini nazioarteko sarean sare gisa parte hartzeko bide emateko; nazioarteko sare hori CNRk (Italiako Ikerketa Zentro Nazionala) koordinatzen du, Erroman, 2001etik, eta Italian, Espainian eta Latinoamerikan dihardu. Sare horrek 150 hiri eta herri baino gehiago batzen ditu, eta ezagutza eta proiektuaren inguruko esparru-informazioa ematen du eta barneko konplizitateak bilatzen eta transmititzen laguntzen du –besteak beste, osoko bilkuran aurkeztea edo ikastetxeekin bilera–”, esan du Irune Muguruzak.

Udalekiko lankidetza horretan, atxikitzen diren udalerriei ikasketa-prozesu bat eskaintzen zaie abiaraztearekin lotutako pertsonentzat, proiektuaren diseinu pertsonalizatua barne hartzen duena –Haurren Kontseilua eta “Eskolara lagunekin”–, bai eta haiek udalerrian ezartzeko behar diren baliabideen aurreikuspen bat ere.

Umeen kontseilua: herria eraikitzeko beste begirada bat mahai-inguruan Iosune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara eta hizkuntza teknikariak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak hartu dute parte.  Umeen kontseilutik haratago: aurrekontu parte-hartzaileak mahai-inguruan Esther Apraiz, Derioko alkatea eta Iban Etxeberria Leioako alkatea izan dira protagonista.  Kaleak jolastuz: autonomia, espazioa eta jolasa mahaian Marian Bilbatua Durangoko zinegotzia eta Sandra Cid, Ermuko gizarte politiken teknikaria izan dira.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago