Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, jakingo dugu hautaturiko 12 finalistetatik zeinek jasoko duen Europako Batzordeak ematen duen Emakume Berritzailearentzako Saria 2017. Donostiako Nesplora enpresaren sortzailea, Gema Climent, da horietako bat.
Europako Batzordearen ustez, Gema Climent “ekintzaile ikusgarria” da, bere ideia berritzailea merkatura arrakastaz eramatea lortu baitu. Gainerako finalistekin batera, “talentu handiko berritzailea da, bere historian hesiak hautsi, arriskatu eta arrakasta izatea lortu baitu. Bere historiak beste batzuk inspiratzen ditu”.
Gema Climent Nesplora enpresaren sortzailea da, egoitza Donostian du, Innobasqueko bazkidea da eta jada 2015ean enpresa hau Europako enpresa-ehunean “urrezko pipita” izendatu zuten, hau da, ETE oso berritzailea, denbora laburrean hazkunde-ahalmen handia eta presentzia globala lortu dituena. Horregatik, Nesplora EBren ETE Tresna programako parte da, Europako lehiakortasuna hobetzea bilatzen duelarik.
Baina, zerk egin du Nesplora hain enpresa berezia izatea? Nesplora jende askoren bizitza aldatzen ari da, neurozientzia errealitate birtualarekin uztartzen baitu buru-gaixotasunak sendatzeko. Mundu osoko 30.000 haur baino gehiago ari dira Climent-ek asmatu eta 21 herrialdetan merkaturaturiko tresnaz baliatzen, diagnostiko laster eta fidagarriak egiten baititu, orain arte egiten zirenaren aldean oso bestela.
Proiektuak Izaskun Bilbao europarlamentariaren arreta ere piztu du, eta duela egun batzuk Climenti elkarrizketa egin zion Bruselan albistea zabaldu ondoren:
“Gemarena bezalako eredu gehiago behar ditugu”, dio Bilbaok, “berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko bokazioa eta konpromisoa emakumeen artean sustatzeko”. “Gemaren lana aitortu duen sariak bertute handi bat du: ez du bakarrik ideia edo egitasmo bat aintzat hartzen, baizik eta horietako bat konpainia handi, negozio-eredu bihurtu izana, alegia, gero eta zorrotzagoa den merkatuan egiaztatu eta baliozkotzen diren produktu zehatz bihurtu izana, eta hor ez dute balio ez artifizioek ez txantxek”, erantsi du bere blogean.
Climent ez dago bakarrik bere balentrian. Beste 11 emakume ere badira:
EU Prize for Womem Innovators delakoak 100.000, 50.000 eta 30.000 eurorekin sarituko ditu, hurrenez hurren, lehen hiru tokietan hautaturiko hiru emakumeak. Saria eskuratzeko, hautagaiek enpresa berritzaileak sortu dituzten emakumeak izan behar dute, gutxienez 100.000 euroko fakturazioarekin urtean. Aukeraketan, epaimahaiak originaltasuna eta merkaturatzeko gaitasuna balioesten ditu, baita hautagaien ekonomia- eta gizarte-eragina, eta lidergo-gaitasuna ere. EU Prize for Women Innovators Horizon(te) 2020 esparru programaren parte da.