Gipuzkoako hiru ETE industrialek digitalizazio eta jasangarritasunaren abantailak baliatuz beren negozio-ereduetan lortu dituzten berrikuntza‑esperientziak azaldu dituzte

ETEak bat datoz Berrikuntzaren Euskal Ekosistemako eragileekin lan egitearen abantailak adieraztean: enpresa eragileak, korporazioak, enpresen hurbileko bitarteko eragileak, zentro teknologikoak, unibertsitateak edo instituzio publikoak

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak adierazi du produktu berri konektatu eta adimendunak garatzeak eta prozesuak digitalizatzeak, behar energetiko berriekin batera, euskal enpresa txiki eta ertainetan negozio-eredu eta profil profesional berriak sortzen dituzten berrikuntzak ahalbidetzen dituela

Gaur, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia “Produktu berri adimendun eta berdeagoekin lehiatuz” saioaren buru izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako eta Donostiako Kursaal jauregian egin den Re-think Industry jardunaldian. Gipuzkoako hiru ETE industrialen –Apel-Aplicaciones Prácticas Electrónicas, Domusa Teknik eta Iruko Berri– berrikuntzaren kasu praktikoen bidez erakutsi da digitalizazioak eta jasangarritasunak enpresetan berrikuntza bultzatzen dutela, eta haien negozia-eredua eraldatu eta emaitzak hobetzen dituztela.

Re-think Industryren 2023ko edizioa Eneko Goia Donostiako alkateak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak inauguratu dute. Javier Martínez Aldanondo aholkulariak eta Nerea Aranguren DanobatGroup-eko Berrikuntza zuzendari eta Ideko ko zuzendari gerenteak hitzaldi bana eman dute, eta saio tematikoak egin dituzte, honako gai hauei buruzkoak: prozesuen eraginkortasuna, produktuaren berrikuntza, bezeroarekiko orientazioa eta antolaketa-aldaketa.

Berrikuntza gakoetako bat da lehia-abantailak bultzatzeko, lan ona edo kostuen eraginkortasuna alde batera utzita. Digitalizazioak eta iraunkortasunak produktu eta zerbitzu berriak sortzeko aukera ematen dute enpresa txiki eta ertainetan”, adierazi du Gotzon Bernaola Innobasque. Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusiak.

Bernaolak honako parte-hartzaile hauek izan dituen mahai-inguruaren koordinatzailea izan da: Mercedes Zulueta, Apel-Aplicaciones Prácticas Electrónicas-eko zuzendari nagusia; Daniel Castander, Domusa Teknikeko zuzendari nagusia; eta Andoni Sánchez, Iruko Berriko zuzendari nagusia. Zuzendari horiek produktu eta zerbitzu jasangarri eta berritzaileen bidez fakturazioa handitu eta lehiakortasuna hobetzeko gai izan diren Gipuzkoako industria-enpresen ordezkariak dira. Guztiek azpimarratu dute beharrezkoa dela Berrikuntzaren Euskal Ekosistemako eragileekin lan egitea, enpresa eragile handiek eta korporazioek zein zentro teknologiko, unibertsitate edo instituzio publikoek eskaintzen dituzten aukera eta laguntzak baliatzeko.

 

Apel, urrutiko laguntza adimenduna

Zuletak Apel, Aplicaciones Prácticas Electrónicas enpresaren eraldaketaren inguruko esku-hartzea egin du. Enpresa txikia da, elektronika industrialekoa, indukzioaren bidezko berokuntzan aditua. Eibarren du egoitza eta 10 langile ditu. Duela 40 urte sortua, Apelek bere negozio-eredua bezeroen beharretara moldatu du. Zerbitzuen kalitatea eta eraginkortasuna eta bezeroen produktibitatea areagotzeko eta enpresaren ezagutza kudeatzeko, Apelek errealitate birtual eta areagotuko urrutiko laguntza adimenduneko zerbitzua garatu du. Tresna aurreratuak erabiltzeari esker, joan-etorri eta bidaietan erabilitako denbora aurreztu daiteke eta bezeroei berehalako arreta zerbitzua eman. Hala, alde bien gastuak murriztu egiten dira. Halaber, bere langileen ezagutza digitalizatu du, ezagutza hori enpresan gera dadin. Eraldaketa hori gauzatzeko, SPRI Taldeak, Eibarko Udalak, Debegesak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, besteak beste, emandako laguntzak baliatu ditu. Hurrengo erronka urrutiko laguntzaile tekniko kolaboratiboa garatzea da, bezeroa prozesuan sartuko duena eta esku-hartzeak oraindik ere gehiago murrizten lagunduko duena. Horri esker, bezeroen produktibitatea areagotu egin ahalko da.

 

Domusa, klimatizazio berriztagarri eta konektatua

Bere aldetik, Domusa Teknik bizitegiko klimatizazioan aditua den kooperatiba da, Mondragon Korporazioaren parte da eta azken lau urteetan onura gordinak % 42 eta esportazioak % 48 hobetu ditu. 240 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute Errezil eta Azpeitiako instalazioetan, eta bertatik 32 herrialdeetara saltzen da. Domusa Teknikek trantsizio energetikoa negoziorako aukera berri gisa identifikatu zuen, eta galdara adimendun eta konektatuak sortu zituzten, energia berriztagarriekin erabiltzeko: aerotermia, biomasa, edo eguzki-energia fotovoltaikoa. Gainera, duela aste batzuk produktu izugarri berritzaile bat atera du merkatura: teknologia aitzindari bati esker ura 75 gradutan ateratzeko gai den galdera aerotermikoa. Horretaz gain, kooperatibak enpresa-estrategia zehazteko orduan ere digitalizazioa jorratu zuen. Mondragon Unibertsitatearen ezagutzetan eta Ikerlan zentro teknologikoaren gaitasunetan oinarrituta, termostatoetara eta antzeko elementuetara konektatu daitezkeen produktuak egin zituzten; eta, horri esker, energia handia aurreztu eta zarrastelkeria saihesten dute. Instalazioak eta bezeroarentzako arreta zerbitzua digitalizatu eta industria-prozesuak monitorizatu zituzten, datuetan oinarritutako erabakiak hartu eta produktu eraginkorragoak egin ahal izateko.

 

Iruko Berri, eraikuntza modular industrializatua

Azkenik, Iruko Berri ETE familiarra 2013an sortu zen. Beasainen du egoitza eta 21 langile ditu. Iruko Berrik galdarak eta eraikuntza metalikoak egitetik (gaur egun horrekin jarraitzen dute) Maurizio uhartean ospitale modularra eraikitzera nola iritsi ziren azaldu du. Proiektu handiagoei heltzeko nahia zela eta, metodologia berriak garatu zituzten, azkarragoak izateko, eta prozesuak 3D teknologiarekin digitalizatu zituzten, kostuak handitu gabe zehatzagoak izateko. Horri esker, sistema teknologiko berritzailea garatu ahal izan dute, lehiakideekin alderatuta balio gehigarria ematen diena: azkartasuna, kalitatea, fidagarritasuna eta prestasuna. Iruko Berrik ospitale modularrak eraikitzen ditu, azkar desmuntatu eta beste leku batean instala daitezkeenak. Maurizioko ospitaleko gune kirurgikoaren hedapena osatzen duten 21 moduluak 3 hilabetean eraiki ziren. Maurizion instalatzeko hilabete gehiago behar izan zuten. 3 urte barru, modulu horiek desinstalatu egingo dira, ospitale berria eraikitzen ari diren tokira eramateko. Zuzendari nagusiak beste hogei euskal agentziarekin eta Goierri Valley elkartearekin izandako lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, horiekin negozio-eredu berria garatu baitu, eraikitzaile tradizional baten laguntzarik gabe.

Re-think Industryren 2023ko edizioa Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok inauguratu du, eta prozesuen efizientzia, bezeroarentzako orientabidea eta antolaketa-aldaketari buruzko ponentzia eta saioak izan ditu.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago