“Gipuzkoako enpresek konfiantza maximo historikoetan dutela aurre egingo diote etorkizunari”. Pello Gibelalde Adegiko lehendakariaren hitzak dira, Adegiren Egoera Inkesta aurkeztu zuenean esanak; enpresen %93k uste du merkatuaren egoera berraktibatze edo normaltasunezkoa dela. %7raino jaisten da atzeraldian dagoela uste dutenen kopurua. Maximo eta minimo berria, hurrenez hurren, Gipuzkoako Enpresen Elkartetik adierazi dutenez. Datozen hilabeteei begira, enpresen ia %96k espero du merkatuaren egoera normaltasunezkoa edo berraktibatzekoa izatea eta ozta-ozta %4k espero du atzeraldiko egoera.

Gibelaldek gogoratu du “datuek sendotu egiten dutela konfiantza”, adibidez irailean PMI (Erosketa Kudeatzaileen Indizea) 58,1 puntura iritsi zen Eurogunean. 

Honela, Gipuzkoako enpresen %81ek eskaera-maila normala edo altua du, serie osoko emaitzarik handiena. %88k bere eskariak gehitu edo mantentzea lortzen du. Halaber, %19,5ekoa da bere eskari-maila ahula dela uste duten enpresen kopurua, serie osoko erregistrorik apalena eta lehen aldiz %20tik beherakoa.

Bestalde, Adegiren inkestak azaltzen duenez fakturazioa %2,9 gehitu da aurreko hiruhilekoarekiko. Barne-merkatua indartsu mantentzen da, %3, eta indar apur bat galdu du kanpo-merkatuak, %2,2. 

Ekoizpen-ahalmenaren erabilerak %84raino egin du aurrera, eta 2008ko apirilean erregistraturiko maila lortu du ia.

Enpleguari dagokionez, enpresen %94,5ek langile kopurua mantendu edo gehitzea aurreikusten du. 2017an 6.000 lanpostu baino gehiago sortuko dira. “Inkestaren emaitzak Gipuzkoako ekonomia osora estrapolatzen baditugu, kalkulatzen dugu 2017an aurreko urtearekiko 6.000 lanpostu baino gehiago sortuko direla garbi. Uste dugu Gizarte Segurantzaren afiliazioa aurtengo abenduan 235.000 langilekoa izango dela, 2008az geroztik handiena”, dio Gibelaldek, eta iragarri zuen Gipuzkoako enpresen %80k igo egin dituela bere soldatak. Soldatak igo dituzten enpresetan, hamarretik zortzitan batez besteko igoera %1,92koa izan da. 

Salmenten errentagarritasunaren jaitsiera da enpresen kezka nagusia (%45,5), eta bigarren tokiraino igo da langile prestatuak kontratatzeko zailtasuna (%36,5). “Enpresa batek lehiakorra izateko inbertitu eta berrikuntza behar du, baita pertsonak egoki prestatuak eta enpresa-proiektuarekin konprometituak ere, eta hori guztia konfiantzazko ingurune batean”, dio Adegiko lehendakariak. “Funtsezkoa da pertsonak, gure enpresen talentua, egoki prestaturik egotea; horregatik arreta hezkuntzan jarri behar dugu, eta prestakuntzan, horiek baitira funtsezko tresnak pertsonek eta enpresek arrakastaz aurre egiteko globalizazioak eta aldaketa tekniko azeleratuak ekartzen dituzten eskakizun berriei”, esanez amaitu du Gibelaldek.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago