Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuak, Fernando Nebreda, Garapen, Tokiko Garapen Agentzien Elkarteko presidenteak eta Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak lankidetza akordio bat sinatu dute gaur Aldundiaren foru jauregian, Gipuzkoako enpresetan berrikuntza bultzatzeko, enpresa horiek lehiakorragoak izan daitezen, dibertsifikatuagoak egon daitezen eta presentzia global handiagoa izan dezaten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko garapen agentziek “ETE digitala” ekimena sustatzen dute, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala eta berrikuntza bizkortzeko. Akordio horri esker, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Berrikuntzako Profil Espresa gehitu zaio ekimenari. Online galdetegi bat da, eta, 10 minutuan, azkar eta erraz eskaintzen du galdetegia betetzen duten enpresen berrikuntza arloko diagnostiko bat, haien erronkak eta beharrak identifikatzen ditu eta horiei aurre egiteko zerbitzu egokienak proposatzen ditu. Tokiko garapen agentziek 150 profil espres inguru egingo dituzte akordioaren indarraldiko lehen hamabi hilabeteetan.
Berrikuntza maila garatuenak eskaintzen dituzten enpresek Innobasqueren Profil Aurreratua egin dezakete, ETEen berrikuntza egoeraren azterketa xeheagoa, pertsonalizatuagoa eta sakonagoa.
Berrikuntza Profil Espresa Innobasquek berrikuntzaren euskal ekosistemako 250 eragileekin lankidetzan garatu duen Euskal Berrikuntza Maparen parte da. Plataforma bakarra da, enpresei berritzen laguntzeko irtenbideak eskaintzen dituena, eta barne hartzen dituena 127 kasu praktiko baino gehiago dituen bilatzaile bat, berrikuntza ekosistemako 275 eragilek eskaintzen dituzten 783 irtenbide eta haietara iristeko zuzeneko kontaktu bat. Gaur sinatutako akordioaren arabera, tokiko garapen agentziek mapa eguneratuko dute, eta esperientzia berritzaile berriak identifikatu eta txertatuko dituzte Kasu Praktikoen Bankuan.
Jabier Larrañagak azpimarratu duenez, «erakundeen arteko lankidetza berri honi esker indarrak batu ahal izango ditugu helburu argi batekin: gure ETEei laguntzea, bereziki industria arlokoei, eraldaketa digitalari, ekologikoari edo antolakuntzakoari ekiteko egiten duten ahalegin berritzailean, Gipuzkoako eskualde guztietara ere iritsiz. Ekonomia indartsu baten alde egiten dugu gure ongizatearen oinarri gisa, eta enpresa berrikuntza funtsezko osagaia da hori lortzeko».
Fernando Nebredak esan duenez “akordioa urrats kualitatibo garrantzitsua da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik eraikitzen ari garen gobernantza kolaboratiboaren eredu berrian. Eredu berri horrek Euskadin funtsezkoa den Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia bezalako eragile bat barne hartzen du, horren bidez ezagutza gehitzea eta enpresetara modu eraginkorragoan hurbiltzea ahalbidetuko diguten tresna batzuk gehitzen ditugulako. Berrikuntzaren profil azkarrak aukera emango digu urrats kualitatiboa emateko enpresei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatean” . Era berean azpimarratu du “tokiko garapen-agentzien kapilaritatea, Gipuzkoako txoko guztietara iristen gara inor atzean geratu ez dezala, ez tamainagatik, ez urrun dagoelako. Hori da ematen dugun balio erantsia; lurraldeko hamaika eskualdeetan gaudela, hiriburua barne. Lurralde osora iristen gara”.
Leire Bilbaoren ustez, «akordio hau onura argia da Gipuzkoako ETEentzat, konponbide berritzaileak –prestakuntza, laguntzak, aholkularitza espezializatua– eskuratu ahal izango baitituzte, une honetan beren negozioek aurrean dituzten erronka ugarietarako, Garapen elkarteari lotutako eskualdeko garapen agentzien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Guztiok elkarrekin lan egingo dugu ahalik eta enpresa txiki eta ertain gehienengana iristeko, berritzeko gaitasunak garatzen eta dituzten arazo asko konpontzeko prestatutako ekosistema batekin eraginkortasunez konektatzen laguntzeko».