Suitza, Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua eta Suedia daude 2014ko Munduko Berrikuntza Indizearen lehen tokietan, eta Saharaz azpiko Afrika eskualde-hobekuntza esanguratsuak ari da lortzen sailkapen honetan; Cornell Unibertsitateak, INSEADek eta Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeak (JIME-OMPI) argitaratu dute. Ikerketa eta garapenaren hazkunde-erritmoa berriro ere moteldu den testuinguruan, 2014ko Indizearen gaia “Giza faktorea berrikuntzan” da, eta horren barruan giza kapitalak berrikuntza-prozesuan  duen egitekoa aztertu da, eta enpresek eta gobernuek pertsona eta lantalde sortzaileak aurkitu eta dinamizatzeko erakusten duten interes gero eta handiagoa azpimarratu da.

Francis Gurryk JIME-OMPIko zuzendari nagusiak adierazi du indizeak zera aitortzen duela: “berrikuntza funtsezko gai bat dela hazkunde iraunkor eta orekatua, sendoa eta enplegu askokoa lortzeko”.

<

2014ko Munduko Berrikuntza Indizeak munduko 143 ekonomia aztertu ditu 81 adierazleren bidez. Honako hauek dira sailkapenean lehenengo 10 herrialdeak:

  1. Suitza

  2. Erresuma Batua

  3. Suedia

  4. Finlandia

  5. Herbeherak

  6. Estatu Batuak

  7. Singapur

  8. Danimarka

  9. Luxemburgo

  10. Hong Kong

Talde honek berrikuntza-ekosistema ongi integratuak ezarri ditu, non giza kapitalean egindako inbertsioak, berrikuntzaren azpiegitura sendoekin batera, sormen-maila handiak lortzeko lagungarri diren. Sailkapeneko lehen 25 herrialdeek honelako indarguneak dituzte: berrikuntzaren azpiegiturak (informazio eta komunikazioen teknologiak barne), enpresa-garapena (ezagutzaren langileak barne dituela), berrikuntzarekiko lokarriak eta ezagupenak xurgatzea, eta berrikuntzaren emaitzak (adibidez, produktu eta zerbitzu berritzaileak eta sormena Interneten).

Soumitra Dutta, Cornel Unibertsitatean Administrazioko Graduondoko Eskolako dekanoak eta txostenaren egileetako batek, dio “sarrera ertaineko ekonomiak, emaitza onenak lortzen dituztenak, laburtzen ari direla sarrera handiko ekonomietatik bereizten dituen tartea. Txinak erruz gainditzen du sarrera handiko ekonomien batez besteko emaitza kalitatezko adierazleen multzoan. Tarte hori are gehiago laburtzeko, sarrera ertaineko ekonomiek beren berrikuntza-ekosistemak indartzeko inbertitzen jarraitu behar dute eta adi-adi gainbegiratu beren berrikuntza-adierazleen kalitatea”.

Gainditzea gehien kostatzen den zailtasunetako bat berrikuntza gutxieneko ekonomietan sumatzen da, arazoak baitituzte lehen tokietan dauden ekonomiek aurrera egiteko duten erritmoari jarraitzeko, nahiz eta aurrerapen handi samarrak egin. Egoera hau azaldu daiteke, alde batetik, etengabeko berrikuntzarako beharrezkoak diren giza baliabideak prestatzeko eta kontserbatzeko dituzten zailtasunengatik, horixe delarik aurtengo txostenaren gai nagusia.

Giza faktorea, ezinbestekoa

Aurtengo txostenean zera azpimarratzen da, berrikuntzaren giza faktoreak nola esplikatzen duen, neurri batean, berrikuntzaren eremuan punta-puntan dauden ekonomiak zergatik dauden sailkapenaren lehen postuetan eta gora egiten ari diren ekonomia handietako batzuek zergatik dituzten emaitza desberdinak.

Giza kapitalaren prestakuntzaren azpimultzo gisa hezkuntzari dagokionez, sarrera handiko herrialdeen taldean emaitzarik oneneko ekonomiak Koreako  Errepublika, Finlandia eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua dira. Txina, Argentina eta Hungaria sarrera ertaineko herrialdeen artean lehenengo hiru postuetan daude. Herrialde hauek guztiek ahalegin handi samarrak egin dituzte beren giza baliabideen kalitatea mantendu edo hobetzeko bizitza osoko hezkuntza eta ikaskuntzaren bidez.

Munduko Berrikuntza Indizeak agerian utzi du hobeto hezitako herritarrek emaitza hobeak lortzen dituztela sarrera handiko ekonomietan berrikuntza sustatzeko mesedegarri izan daitezkeen testuinguruei onura ateratzeko orduan. Herrialdeek berrikuntzaren garapen-mailaren sailkapenean gora egiten duten neurrian, zientzien eta ingeniaritzaren eremuetan, baina baita negozioetan eta administrazioan ere, daukaten talentuaren kalitateak are eta garrantzi erabakigarriagoa hartzen du.

Espainian berrikuntzari buruzko txostena

Bestalde, Cotec-ek Espainian Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2014 Txostena aurkeztu du asko ez dela, eta bertan azaltzen duenez, Espainiak bizi duen krisi sakonak ondorio larriak izan ditu eta ditu oraindik berrikuntza-sisteman. Edonola ere,  joera-aldaketa sumatu da 2014. urtearen hasieran. Lan hau zehatz-mehatz aztertu du Esade-n Berrikuntza, Estrategia, Ekintzailetza eta Teknologiako irakasle, inbertitzaile eta aholkulari den Xavier Ferrasek eta bere iritziak astero azaltzen ditu Innovación 6.0. blogean.

Txostenaren arabera, I+G-n inbertsioa BPGren %1,30ekoa izan zen 2012. urtean; 2011n berriz %1,36koa; beraz, berrikuntzan erreferente diren herrialdeekiko tartea handitu egin da, EBko batez bestekoa 1,97koa baita, eta OCDEkoa %2,4koa. Autonomia-erkidegoei dagokienez, Madrilek, Kataluniak, Andaluziak, Euskadik eta Valentziar Erkidegoak I+G-n egiten den gastu osoaren %77 baino gehiago hartzen dute. Era berean, beren adierazleak hobetu dituzten autonomia-erkidego bakarrak Gaztela eta Leon eta Euskadi direla nabarmendu da.

Halaber, emaitza horiek adierazten dute krisiaren ondorioak ez direla intentsitate berekoak beren eragile eta sektore guztientzat, sektore publikoa izanik zigortuena. Horren haritik, Xavier Ferras-ek ondorioztatzen du Cotec txostena antzinako logikatan oinarritzen dela, zeren eta inbertsio publikoa eta inbertsio pribatua aldagai independente gisa jartzen baitira, eta batuta egon beharko lukete. Espainian inbertsio pribatuak 7.000 milioi euro inguru suposatzen ditu urtean I+G-n, eta herri-administrazio guztienak 6.300 inguru. Guztira, I+G esfortzua, Espainian konputatua, 13.300 milioi eurokoa da. Berrikuntza-sistema osasuntsuan, ahaleginaren %30ek bakarrik izan beharko luke publikoa eta gainerakoak enpresena. Espainian gastu publikoa %50ekoa da, eta horrek ahalegin publiko handia esan nahi du eta enpresen aldetik ahalegin txikia. Ferrasen ikuspuntutik, 6.300 milioi euro horiek ez dute batere korrelaziorik herrialdearen produktibitatearekin eta lehiakortasunarekin, jarduera ekonomikoetara itzultzen ez diren ikerketa-jarduerak baitira. Bi gastuak, bai publikoa eta bai pribatua, batera aztertu beharko lirateke eta erlazionaturik egon. Horrela, nahiz eta enpresek gehitu beren ahalegina I+G-n, hori gauzatzeko iturria herri-administrazioa izango da.

Espainiak indize globaletan behera egiteari utzi eta bere produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko helburu nagusiarekin, Ferrasek Lehiakortasun eta Berrikuntza Plan bat sortzea aholkatzen du, plan serioa, lehentasunezkoa, estrategikoa eta ongi hornitua.

Azkenik, esan behar da Cotec txostenak atal berezi bat eskaintzen diola gaurkotasun handiko alderdi bati. Edizio honetan Funtsezko Teknologia Bideratzaileak (ingelesez Key Enable Technologies-KET) aztertzen dira, eta Europako Batzordearen arabera, ezagutza era intentsiboan erabiltzen duten teknologiak dira, I+G-ren intentsitate handiarekin, berrikuntza-ziklo lasterrekin, kapital-gastu handiarekin eta gaikuntza handiko lan-indarrarekin lotuak. Teknologia hauek balio erantsi handiagoko material, produktu, prozesu eta zerbitzu berrien aukera zabala garatzeko beharrezkoak diren elementu teknologikoak ematen dituzte, hainbat arlotan.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago