Durangaldeko Enpresa Elkarteak gaur egin du lehen jardunaldia Durangon. Hazinnova enpresei aurkezteko; programa hau SPRI eta Berrikuntzaren Euskal Agentzia-Innobasquek jarri dute martxan ekoizpen eta kudeaketako teknologia berriak euskal ETEetara hurbiltzeko, enpresa parte-hartzaileetako bakoitzaren premien neurrira berariaz diseinaturiko proiektuen bidez. Ekitaldian izan dira Estibaliz Lopez, Durangaldeko Enpresa Elkartearen zuzendaria; Josu Ocariz, SPRI Taldeko Berrikuntza Saileko zuzendaria; eta Alaitz Landaluze, Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Politiken zuzendaria. Bestalde, Rafael Zabalak Zaldibarren duen Zagar Sistemas enpresaren jardunbide egokia ezagutarazi du, neurriak ezarri baititu berrikuntza sustatzeko, eta jada lortu ditu horien ondorioz merkatuan duen kokapen edo posizionamendua hobetzen duten emaitzak.
Aurkezpen-ekitaldi hau, Hazinova jardunaldiak, eskualdez eskualde deiturikoa, izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar egingo diren 10 aurkezpenetatik lehenengoa; horien helburua da Hazinnova era zehatzagoan eta enpresa-kopuru handiagoari ezagutaraztea, kasu honetan Durangaldeakoei eta mugakide diren eskualdeetakoei: Arratia-Nerbioi, Lea Artibai edo Busturialdeakoei.
Hazinnova 6 eta 99 behargin edo langileko ETEetara dago zuzenduta, eta aholkularitza espezializatua eskaintzen die, doan; bakoitzaren egoeraren banan-banako azterketa egingo du, eta bakoitzarekin lerro estrategikoak taxutuko ditu, bai lana antolatzeko era berriak sartzeko eta bai produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko, eta behar den administrazio-izapidea ere egingo du.